Pulunpeko edukiak

[ELKARRIZKETA] Irantzu Beloki: "Oraindik alde handia dago gizonezkoen txirrindularitzarekin"

Garazi Zabaleta 2022ko mar. 4a, 13:31

Txantrean bizi arren, Urritzarekin (Imotz) lotura estua mantentzen du Irantzu Beloki txirrindulariak. Aita imoztarra du, eta txikia zenetik izan dute udan eta jai egunetan hara joateko ohitura familian. Gaur egun txirrindularitzan buru-belarri dabil gaztea, eta ongi gogoratzen du txikia zenean nola ibiltzen ziren aita, anaia eta hiruak bizikletaz eskualdeko herriak zeharkatzen; Urritzatik Udabera, eta buelta. Makina bat aldiz egin omen dute bide hori.

Noiz eta nola hasi zinen txirrindularitzan?

 

Berez urte asko daramatzat honetan, lehiaketetan ari naizela hamar bat urte badira. Hasiera batean, igeriketan aritzen nintzen, eta hortik egin nituen lagunekin hasi nintzen ziklismoan. Txikitan, gurasoek haien semeei bezalaxe niri ere kirolerako zaletasuna pasatu zidaten, txikitatik izan naiz kirolzalea. Irurtzunen bizi izan gara, eta gogoratzen dut hor beti plazan bizikletarekin ibiltzen nintzela…

 

Eta modu profesionalagoan?

 

Iaz hasi nintzen maila profesionalagoan. Lehen ere lehiaketak egiten nituen, baina ez oraingo mailan, Espainia mailan izaten zen gehiago.

 

Orain hortik kanpo ere aritzen zara, beraz?

 

Bai, Espainiatik kanpoko txapelketak ere egiten ditugu. Hemen Euskal Herriko torneoa, Espainiako txapelketak eta profesional mailako lasterketak ditugu, Nafarroako eta Donostiako klasikak kasu. Espainiako Vuelta, Valentziako Klasika eta horrelakoak ere egin ditugu. Horiez gain, Frantzian ere ibili gara, La Perigord izeneko lasterketan adibidez.

 

Irantzu Beloki, eskuinean, taldeko entrenamendu batean

 

Entrenamenduak ere geroz eta gogorragoak izanen dira, ezta?

 

Bai, gogorrak dira. Prestatzaile fisiko bat dugu taldean, eta astean egin beharreko entrenamendu guztiak bidaltzen dizkigu berak. Astean sei aldiz entrenatzen dugu, beraz, egun bakarra libratzen dugu. Aurredenboraldian mendira joan, gimnasioa, lasterka eta horrelakoak egiten ditugu gehiago, baina otsailetik aurrera lasterketak hasten direnez, orduan bizikletaz ibiltzen gara gehiago.

 

Eta prestaketa eta lehiaketa horiek ikasketekin uztartu behar…

 

Bai, maisutza ikasten ari naiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta entrenamenduak eta ikasketak uztartzen ditut. Egia esan, batzuetan ez da erraza, baina saiatzen naiz eguna ongi antolatzen dena egin ahal izateko!

 

"Oraindik desberdintasun handia dago mutilen ziklismoarekin alderatuta, honetatik bizitzea askoz zailagoa zaigu guri "

Nola ikusten duzu emakumezkoen txirrindularitza? Pixkanaka bere lekua egiten ari da?

 

Tira, egia da azken urteetan gehiago ikusten dela emakumezkoen txirrindularitza. Aurten, adibidez, lehen aldiz eginen da emakumeentzako Frantziako Tourra. Iaz Tourraren antzeko zerbait egin zen, baina egun bakarrekoa. Aurten, berriz, egun askokoa jarri dute lehen aldiz. Dena dela, uste dut oraindik desberdintasun handia dagoela mutilen ziklismoarekin alderatuta, eta egiteko asko dagoela. Komunikabideetan ere gutxi lantzen da oraindik gurea, eta ez badute grabatzen ez dago emakumeentzat publizitaterik, eta gurpil zoro bat bihurtzen da… Baina, tira, bai, pixkanaka hobetzen ari da.

 

Laboral Kutxa taldean ari zara. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

 

Bai, hau nire bigarren urtea da Laboral Kutxan. Lehen Tolosako eta Ermitagainako taldeetan aritu nintzen. Aldaketa handia izan da, maila altuagoko taldea baita hau, eta nire maila ere hobetzen doala sumatzen dut. Entrenamenduak ere profesionalekin egiten ditugu eta nabari da hori.