Yoga, pilates eta tonifikazioa egiten du, Lekunberriko igerilekura joaten da, bi lagunekin biltzen da astero ingelesez hitz egiteko, eta, gainera, denbora gehiago du paseorako, irakurtzeko eta sukaldean aritzeko. Badaki oso ongi zertan erabili lehen lanean ematen zuen denbora.
Nola gogoratzen dituzu lehenengo urteak?
Hasiera hartan, irakasle batzuk oso tradizionalak ziren. Esate baterako, behin, ikasle bat jotzeko esan zidan irakasle batek, bestela ez genuela ezer lortuko. Horrelako gauzak topatzen zenituen oraindik. 'Don' eta 'Doña' deitzen zituzten irakasleak ere topatu ditut toki askotan. Lankide batek esaten zidan, 'gu ez gara Doñak', ez genuen 'Doña' itxurarik. (barreak).
Bazeundeten gauzak aldatu nahi zenituztenak ere?
Bai, noski, hasi nintzenerako bazegoen Adarra deituriko mugimendu bat, pedagogia berritzearen aldekoa zena. Noizbehinka biltzen ginen irakaskuntza nola eraldatu aztertzeko. Nik D ereduan egin dut lan batez ere, eta beti egon dira horrelako mugimenduak, gauzak berritzeko eta beste era batera egiteko asmoa.
Irurtzungo ikasleekin, Zarautzen
Bokazioz ikasi zenuen irakaskuntza?
Bokazioz ez dakit, nik txikitan ez nekien zer egin nahi nuen. Egia esan, garai hartan, neska batzuek ez zuten ikasten, etxekoandreak ziren. Nire kasuan, Iruñean Irakaskuntza ikasteko aukera zegoen, eta lagun batzuk animatu ginen. Batxilergoa Navarro Villoslada institutuan ikasi nuen, letretan, eta irakaskuntzan ere letretako adarra aukeratu nuen, jarraipen moduko bat izan zen.
Nola gogoratuko duzu Jauntsarasko eskola?
Jauntsarasko eskola oso eskola maitagarria da. Txikia da, ikasle gutxi ditu... -geroz eta gutxiago... 80 izatera iritsi zen ni han nengoela-. Beti giro oso ona izan du eta gertutasun handia. Zuzendaritza ere, beti laguntzeko prest. Irakasle berriak datozenean beti errepikatu nahi dute. Oso eskola atsegina da orokorrean. Gurasoak ere oso jatorrak dira, oso eskola hurbila da, ikasleak ere bai, noski.
Lanbide honetan egokitzen joan behar duzu egunero, bestela, atzean gelditzen zara
35 urte irakaskuntzan... asko aldatu da ofizioa urte hauetan?
Bai, aldatu da. Alde batetik, familiak ere aldatu direlako. Guraso askok ikasi ere egin dute, prestakuntza gehiago dute. Bestalde, irakaskuntza bera ere asko aldatu da eta aldatuko da. Esperientzia berritzaile asko egin dira, 'gela alaiak' programa eta antzekoetan parte hartuz. Gurasoak ere eskolan sartu dira. Eta, ordenagailuak sartu dira: pantailak, Cromebook-ak, programa berriak... horrek aldaketa handia ekarri du. Irakaslearen figura ere aldatu da, orain ez dago erdigunean, trantsizio batean gaude eta gehiago aldatuko da. Lan honetan egokitzen joan behar duzu egunero, bestela atzean gelditzen zara, prestatu behar zara etengabe.
Aldaketa horiek guztiekin, ikaslea erdigunean jartzen ari da?
Bai, bere parte-hartzea handitu egin da, eta horrela izan behar du. Nolabait, orain arte, gu izan gara erdigunea, nahiz eta ingelesean bereziki ez dagoen azalpen teoriko handirik. Orain, ikaslea gehiago inplikatzen da, proiektuen bidez lan egiten da...
"Burokrazia aldetik, geroz eta lan gehiago dago eskoletan"
Eta, zerbaitek okerrera egin al du urte hauetan?
Irakaskuntzan bereziki ez nuke esango ezerk okerrera egin duenik. Administratiboki edo burokratikoki bai, akaso. Adibidez, zuzendaritzetan, eta Jauntsaraskoa bezalako eskola txiki batean, adibidez, geroz eta lan gehiago dago, eta ez dituzte ordu gehiago. Are gehiago, talde bat gutxiago dutenez, ordu gutxiago dituzte. Eta lana berdina edo handiagoa da. Alde horretatik, nik uste dut aldaketa bat egon behar duela.
35 urte irakaskuntzan, horrek esan nahi du zure lehenengo ikasleak 40 urte inguru izanen dituztela. Egin duzu topo noizbait ikasle ohiren batekin? Zer esan dizute?
Behin Latasan, Txaniren dendan, ikasle ohi batekin egin nuen topo. Irakasleen artean ni bakarra gogoratzen ninduela esan zidan! Eta gero Ingeles Filologia ikasi zuela! Oso oroimen ona zuela esan zidan, baina pentsatzen dut denetarik egonen dela (barreak).
Beti prest
Goizargi Santxo, Eritze (Atetz) lankidea izan du Jauntsaratsen: “Beti laguntzeko prest zegoen, beti ardurak hartzeko prest. Beti lasai eta kezkarik gabe. Gainera, hamaiketarako beti ekartzen zuen zerbait, etxeko intxaurrak edo aranak, Plazaolan erositako pintxoren bat, magdalena batzuk...”.
Joana Ziganda, Oskotz (Imotz) ikaslea eta lankidea Irurtzunen: “Beti oso lankide ona izan da, beti laguntzeko prest zegoen, gozoa da, beti irribarre batekin... Gero, ikasteko, eguneratzeko, klaseak motibagarriak egiteko gogoz, beti. Eta Maialen irakasleaz oso oroitzapen politak ditut, eta ditugu. Izan ere, oraindik baditut garai hartako lagunak eta eskolaz hizketan hasten garenean, kinto afariren batean adibidez, beti Maialen aipatzen da. Oso irakasle dinamikoa zen eta berarekin konexio berezi bat sortzen zen. Irurtzundik joan zenean pena handiz agurtu genuen, eta oraindik gogoan dut berak gutako bakoitzari kutxatxo bat oparitu zigula goxoki batzuekin eta kutxaren tapatxoan bakoitzari eskaintza pertsonalizatu bat egin zigula. Gogoan dut, urte askoan gorde nuelako!”