Pulunpeko edukiak

[ELKARRIZKETA] Eduardo Zubiria, artearen eta sagardogintzaren artean

Garazi Zabaleta 2022ko ots. 2a, 10:45

Sustrai imoztarrak ditu Eduardo Zubiria artistak: ama oskoztarra eta aita muskiztarra, txikitatik harreman estua izan du eskualdearekin. Gaur egun ere, Iruñean bizi arren, etxea eta sagarrondoak ditu Muskitzen, eta sarri etortzen da bertara. Aspalditik dabil artearen munduan sartuta Zubiria, baina kuriositate handiko pertsona izaki, beste hainbat jardunetan ere ari da. Besteak beste, sagardogintzan hasi zen duela urte batzuk.

Zer nolako harremana duzu Imotzekin?

Txikitan, 3 edo 4 urte nituenetik, Oskotzen egoten nintzen beti, astebururo joaten ginen amonarenera, eta nire haurtzaro guztia han eman nuen. Amonari asko laguntzen nion, kooperatiban-eta. Astean zehar Iruñean izaten ginen, baina asteburuetan han. Gero, soldaduska egitea joan nintzen eta handik bueltan Iruñean lanean hasi nintzen, beraz, gutxiago joaten ginen. Baina orduan Muskitzen instalatu ginen nire aitarena zen etxean. Lan handia zegoen han eta Oskotza joatez utzi eta Muskitzen izaten ginen gehiago. Ganadua genuen etxean eta iluntzeetan askotan jaisten ginen lanak egitera, baina lotara beti Iruñera. Egia da orain Oskozko jende gazteak ez nauela ezagutzen, baina adineko guztiek bai.

 

Orain ere asko etortzen zara Muskitza, sagarrondoak baitituzu bertan.

1.400 metro inguruan landatuak ditut sagarrondo batzuk Pirinioetan, estatuan bakarrak izanen dira

Bai, betidanik izan ditugu etxean sagarrondoak, inguruko zaharrenetakoak izanen dira, batzuk 100 urte baino gehiago dituzte. Gainera, azken urteotan, barietate zaharrak berreskuratzen aritu naiz. Lehen urtean txertatzeak egin nituenean ez ziren ongi atera, baina azkenean, herriko Kandido Zigandak erakutsi zidan txertaketak egiten. Momentuz, etxerako egiten dugu sagardoa, hurbilekoentzat, baina datorren urtetik aurrera landatu ditugun zuhaitz gehiagok ere emanen dute, beraz, ikusiko dugu. Ah, eta Erronkari inguruan ere baditut beste sagarrondo batzuk landatuta, 1.100 eta 1.400 metroko altueran! Nik uste estatu mailan ez dela altuera horretan besterik izanen... Etxeko barietateak eraman ditut hara, ikusteko toki batetik bestera barietate berak zein emaitza ematen duen.

 

Etxean bertan egiten duzue sagardoa?

Bai, guk geuk egiten dugu. Esan behar da Donostiko Sagardo Forumean dominak eman izan dizkigutela, eta badirudi ongi ari garela. Guztia eredu ekologikoan egiten dugu. Hori bai, esan behar da, egiten duguna sagardo desberdina dela: hemengo sagardoak ohikoa duen azidotasuna kentzen saiatu gara, sagardo suabegoak dira hauek, digestiboagoak. Badugu bat oso berezia dena, izotzezko sagardoa deitzen da eta Kanadan ohikoa da. Postreetarako eta aperitiboetarako da egokia.

Basajaun da Zubiriaren sagardoaren marka

 

Tira, goazen orain arteaz hitz egitera... Noiz eta nola hasi zinen artearen munduan?

Zaila da esaten! Beti aritu izan naiz gauza artistikoak lantzen, umetatik datorkit, eskolan ere gauza desberdinak egiten nituen. Egurra lantzen dut nik, eta hortik abiatuta ikasi dut dena, material diferenteekin hasi nintzen. Baina serioago, duela 15 bat urte edo hasi izan nintzen, erakusketekin-eta. Museoetatik mugitu dira nire zenbait pieza, horietako baten bat Japonian ere izan da. Eta bestela, hemen ingurutik mugitu dira erakusketak, Iruñean, Lizarraldean, Zizurren, Madrilen, Malagan eta Marbellan...

 

Arte matematikoa egiten duzula irakurri dut hortik. Zer da hori?

Ordenagailuan programatuz eta algoritmoen bidez egiten den artea litzateke arte matematikoa

Ordenagailuak artearen munduan sartzea da, nolabait, artea ordenagailuekin egitea, baina gero guztia eskuekin lantzen dugu. Lan handiena programazio bidez egiten da, algoritmoekin. 1970-80 inguruan hasi ginen artean ordenagailuekin lan egiten. Zaila da azaltzen, baina nolabait esateko, ordenagailuan programatzen duzuna gero eskuekin egitean datza. Tamaina handiko piezekin egiten dut lan, hiru dimentsiotakoak balira bezala... tira, azken aldian planoan ere ari naiz lanean, erretxinak eta bestelako materialak sartuz.

 

Eduardo Zubiriaren lanetako bat

 

Artearen eta artisautzaren arteko mugak oso lausoak direla ere esan izan duzu. Horrela da zure kasuan ere?

Bai, erabat. Azkenean, ordenagailuarekin egiten dugu hasierako lana, baina ondorengo pauso guztiak eskuz egiten dira. Lehen lana mentala da, hori gero ordenagailuetara eramaten da, eta hortik gero paperera, eta nire kasuan papera egurra da. Ez da brotxa batekin oihal bat pintatzea, nire oinarria egurra delako. Ordenagailuan prestatu dudana, gero, eskuz, egurrera pasatzen dut. Egia da gaurko makineriak asko laguntzen digula, baina azkenean, guztia oso artisaua da.

 

Gurea bezalako landa eremua izan daiteke artistentzako inspirazio iturri, ekarpenik egiten dizu zentzu horretan?

Bai, zalantzarik gabe. Arlegi herrian daukat nire tailerra eta estudioa, Iruñetik bost minutura dagoen herritxo txiki batean. 10 lagun aritzen gara bertan lanean, baina esan daiteke guztiz bakarrik egoten garela, atea ireki eta naturaz inguraturik gaude, Muskitzen bezala. Inoiz ez dut poligono batean lan egin nahi izan. Bere garaian, tailerra Muskitzen bertan jartzekotan izan ginen, baina egiten ditudan lan asko kanporako direnez, zailagoa zen dimentsio handiko lanak hortik ateratzea. Arlegin hiri ondoan gaude eta errazagoa da.

 

Kuriositate handiko pertsona da Zubiria, jarduera eta ekintza desberdin ugari egin dituena. Gaur egun esku artean dituen arte eta sagardogintza proiektuak horren erakusle dira, baina, hori gutxi balitz, urte askoan beste jarduera bitxi batean ere aritu zela kontatu digu. Hain zuzen, lera-txakurrekin (trineoa tiratzen duten txakurrak) ibiltzen zen, entrenatzen eta lehiaketetan parte hartzen. Oskotz eta Beuntza arteko xendetatik askotan ibiltzen omen zen entrenamenduetan. Herritarren bat gogoratuko da seguraski ikuskizun horretaz.