Pulunpeko edukiak

Mikel Okiñenak eta Ainhoa Sanchezek ikastaroak eskainiko dituzte Imotzen

Amezti.eus 2020ko ira. 15a, 10:54

Mikel Okiñena eta Ainhoa Santxez

Mikel Okiñena etxalekuarrak eta Ainhoa Sanchezek Gero Arte Mintegia sortu zuten Iruñean, duela 15 urte. Arte plastikoen ikastaroak ematen dituzte bertan, eta izugarrizko arrakasta izan zuen denbora gutxian. Horrela, bataz besteko 100 ikasle dira maila bakoitzean. Mintegiarekin batera eskoletan eta udaletxeetan ere aritzen dira eskualdez eskualde, eta irailetik aurrera Imozko udaletxean eskainiko dituzte ikastaroak.

Duela 20 urte ezagutu zuten elkar, Iruñeko Arte Eskolan; eta, orduz geroztik elkarrekin egin dute ibilbidea. Arte Ederrak ikasi zituzten Leioan eta orduan hasi ziren erakusketak eta ikastaroak eskaintzen. Okiñenak zurezko tailak egiten irakasten du, batez ere, eta Sanchezek margolaritza, marrazkigintza eta zeramika. 

2005ean Gero Arte Mintegia zabaldu zuten Iruñean, beren lanak egiteko tailerra, eta, batez ere, arte plastikoen eskola erreferente bat bilakatzeko asmoz. Gainera, Irurtzunen, AralArt estudioa ere badute. Bertan bere lan pertsonalenak sortzen dituzte, eta enkarguak jasotzen dituzte. Han bizi ziren, estudioaren gainean, Mikel Okiñenaren sorterrira etortzea erabaki zuten arte.

Lastozko lehenengo etxebizitza

Etxalekun eraiki zuten lastozko etxean bizi dira duela urte eta erdi. Mikel Okiñena: “Imotzen badira lastozko beste eraikin batzuk, baina gurea eskualdeko lehenengo etxebizitza izan da.”. Ainhoa Sanchez: “Eraikin ekologiko batean bizi nahi genuen, ingurumenean eragin gutxien egin. Eta, gainera, toki osasuntsu batean, transpiratzen duen etxe batean.”.

Iñaki Urkia arkitektoak, horrelako eraikuntzetan aditua, egin zuen etxea. Ingurumena errespetatzearekin batera, abantaila handiak ditu Sanchezek azaldu digun bezala: “Tenperatura oso gutxi aldatzen da, hiru gradu aldatu dezake gehienez urte osoan. Egurrarekin bakarrik berotzen dugu etxe osoa eta lote batek hiru urte iraungo digula uste dugu.”.  

Ikastaroak Imotzen

Mintegiarekin batera, Jauntsarasko Oihanzabalen eta Irurtzungo eta Uharte Arakilgo eskolan aritzen dira irakasten. Baita Ezkabarteko, Goñiko, Lekunberriko eta Elizondoko udaletxeetan ere; besteak beste. Irailetik aurrera margolaritza, marrazkigintza eta zeramika ikastaroak ematen hasiko dira Imozko udaletxean, udalak gela bat utzi baitie. Ainhoa Sanchez: “Hemen ere lan egin nahi dugu, etxe ondoan. Momentuz udaletxean eginen dugu, baina Gero Arte bezalako gune bat izatea espero dugu noizbait”.

Internet bidezko ikastaroak

Covid-19aren eraginez, itxialdian, beste aukera batzuk bilatu behar izan zituzten eta online ikastaroetara salto egin dute: “Ordenagailua piztu besterik ez genekien eta konfinamendua hasi eta 15 egunera internet bidezko 150 ikasle baino gehiago geneuzkan bion artean”, Sanchezen hitzetan.

“Krisiak gure lana birpentsatzera eraman gaitu, ikasgaiak nola eman, nola azaldu, praktika teoriarekin nola osatu, hori guztia birpentsatzera. Horrekin batera, ariketa praktikoak nola grabatu eta bideo motzak, erakargarriak eta kalitatezkoak egiten ikasi dugu”, azaldu digu Okiñenak; eta gehitu: “hain ongi joan dira online ikastaroak ohiko egoerara itzultzean horiek mantentzea eskatu baitigute”. Horregatik, webgune bat sortuko dute ikastaroendako eta internet bidezko denda osatzeko.

Ikastaroak:

- Umeentzako eskulanak: astearteetan 17etatik 18etara Imozko Udaletxean. Izena emateko: 948 15 30 40/618 352 014

- Zeramika tailerrak. Izena emateko: 948 15 30 40/ 657 31 35 27

- Margolaritza eta marrazkigintza. Izena emateko 948 15 30 40/ 657 31 35 27