Taldean lan egitea, elkarlanean, atsegin du. Bizi ere komunitatean bizitzeren aldekoa da, eta momentuz, Erason aurkitu du bere lekua. Zauriak dokumentalaren zuzendarietako bat da, Maier Irigoien eta Iker Oizekin batera. Espero ez zuten arrakasta lortu du dokumentalak, eta Vimeo plataforman ikusgai izan ondoren, Filmin-en ikusi daiteke orain.
Ikus-entzunezkoetan lan egitea eta herri txiki batean bizitzea, nolatan? Madril izanen da zure lanbidearen erdigunea...
Zineman aritzea zen nire ametsa, baina herri txiki batean bizi nahi nuela ere argi nuen. Azken urteetan leher eginda uzten ninduen hiriak. Urte luzez Madrilen ikasi eta lan egin nuen, eta orduko bizimodu hura bukatutzat eman nuen. Burgosko herri batean bizitzeko proiektua ez zen aurrera atera, eta kasualitatez komunitatean bizi nahi zuen jendea ezagutu nuen. Landa eremuan bizi eta landa eremuaz bizi nahi zutenak. Imotza etorritako jendea ezagutu nuen eta bizirik dagoen eskualdea iruditu zitzaidan. Oso gustura nago hemen, paisaia ederra da, eta herritarren arteko harremanak eta hemen garatu daitekeen bizimodua ere oso aberasgarria dela uste dut.
Zauriak dokumentalaren zuzendarietako bat zara, nola sortu zen proiektua?
Maier prozesu terapeutikoetan aritzen da, eta buruko osasunarekin lotura duten mugimendu sozialetan izan da. Iker eta bera elkarren lagunak dira aspalditik, eta beti hitz egiten zuten honekin lotutako zerbait egin behar zela, ikus-entzunezko formatuan. Nirekin jarri ziren harremanetan, eta aurreneko minututik gai izugarri potoloa iruditu zitzaidan, eta horretan sakondu nahi nuen. Pozesu psikiatriko instituzionalizatu bat iragandako emakume “bolleroak” eta transak hitz egitea nahi genuen, lehenengo pertsonan; haien ahotsak entzun zitezela. Aldi berean, haien egoerari buruzko hausnarketa kritiko bat egindakoak ziren, eta haien egoerari, prozesu instituzionalizatuaz haratago, alternatibak eta bestelako konponbideak bilatutakoak.
Dokumentalak ibilbide luzea egin du, ustekabean hartu al zintuzten horrek?
Bai, espero genuena baino luzeagoa. Gainera, oso interesgarriak iruditzen zaizkigun guneetan zabaldu da. Ez gara soilik zinema-aretoetan izan; kolektibo feministetan, buruko osasuneko taldeetan, kulturguneetan, herriguneetan ere bai. Hau da, publiko zabala izan dugu. Zauriak, zinema-proiektu bat baino gehiago, dibulgazio materiala da. Gehiegi hitz egin ez den gaia da, eta, horregatik hain zuzen ere, horrelako interesa sortuko zuenik ez genuen espero. Konfinamenduan sarean ikusgai jartzea erabaki genuen, itxialdia buruko osasunerako egoera zaila zela uste genuelako, hain zuzen ere. Gure ekarpena egiteko modua izan zen. Eta Vimeo-n 20.000 bisita baino gehiago izan ditugu! Hori ez genuen espero inolaz ere.
Zaparen zinema-aretoan ere aurkeztu zenuten!
Imotzen kultura bultzatzeko grina eta herritarren arteko harremanak bultzatzeko gogoa dago. Halako batean Zapak zinema-areto bat etxean duela ikasi genuen. “Erason zinemagileak eta zinema-aretoa, bietatik, badugu” esan ohi dugu txantxetan.
Bost urte baino gehiago dira kamera bat esku artean duzula…
Nire ekoiztetxe Escaramujo-rekin lanean 2013an hasi nintzen, baina kamera bat esku artean, askoz denbora gehiago egin dut! Betidanik! Aita argazkilaria da, eta gure etxean beti izan dugu lotura irudiarekin.
Orain, ari al zara lanean zerbaitetan?
Nire fikziozko lehenengo lana izango dena egiten ari naiz. Prostituzioari buruzko dokumental bat izan behar zuen hasieran, hainbat emakume elkarrizketatu nuen, baina ikusi zutenean proiektua aurrera zihoala, ez agertzea nahiago zutela esan zidaten. Orduan, aktore batzuekin haiei egindako elkarrizketak berriz filmatzen ari gara. Eskerrak eman nahi dizkiot Muskizko kontzejuari, bertan grabatzen utzi baininduten. Pelikula labur bat eginen dugu lehenbizi, nahiz eta askoz gehiagorako eman dezakeen, Chicas prepago deitzen da, eta maiatzaren 20an crowdfunding-a jarri genuen martxan. https://www.verkami.com/projects/26124-chicas-prepago-cortometraje webgunean egin daitezke ekarpenak. Facebooken eta Instagramen ere ikusi daiteke trailerra.
Konfinamendu eta alarma egoerak, nola eragin dizu zuri eta zure lanari?
Etorkizun iluna ikusten dut sektore guztietan. Zer gertatzen da zehazki kulturarekin? Murrizketak pairatzen ohi dituen lehenengo sektorea dela. Jatea eta halakoak oinarrizkoak dira; horrelako egoeretan kulturarekiko inbertsio publikoak murriztu egiten dira, eta baita kontsumoa ere, gutxiago joaten gara zinemara. Baina alde positiboa ere ikusi diot: uste dut jendea konturatu dela zenbat kultura eta ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen dituen, itxialdian ikusi da kultura kontsumitzen dugula. Baina arriskurik ere bada, eduki horiek Netflix bezalako ekoiztetxe handiek bakarrik sortu ahal izatea; eta gu bezalako etxe txikiei, eduki sozialak egiten ditugunoi, eta baliabide gutxi ditugunoi, lana geroz eta zailago jartzearen arriskua. Baina aurrera egiteko borroka horretan jarraituko dugu.