Txoko Txiki berrituaren inaugurazioa egin zen Erasoko ihotean

Lur Gil Rey 2018ko mai. 18a, 18:13
Ihoteak Imotzen

Oso giro onean ospatu zuten Erasoko ihotea martxoaren 10ean, eta Txoko Txikia berritu dutenez
inauguratzeko aukera izan zuten. Bertan egin zuten bazkari autogestionatua (nor berak kudeatutako bazkaria), eta gero etxez etxe joan ziren erronda txiki bat eginez. Udabe, Urritza eta Latasako biztanle asko hurbildu ziren festara eta Erasokoekin batera Txoko Txikian amaitu zuten ospakizuna, musikaz gozatuz.

Erasokoekin batera azkenak izan dira Lizasoko eta Muskizko ihoteak. Batean zein bestean mozorroturik
egun eta gauez aritu ziren. Lizasokoaren kasuan, kontzertu berezi bat izan zuten, Skabidean taldearena. Izan ere taldekideetako bat lizasoarra da, eta Gizarte Zerbitzuek egun horretarako kontzertua jarri zuten, eta jendetza bildu zen elkartean.