Joan zen urteko ostatuek parte hartuko dute berriz: Igoakoak, Orokietakoak, Aizarozkoak eta Apeztegiberriko tabernak (Jauntsaratsen). Lau horietan, azaroko azken bi asteburuetan, aukera izanen da pintxo berezi bat eta edaria lau euroren truke dastatzeko, 13:30ak arte.
Ondoren, bozkatzeko aukera izanen da, eta bozken arabera ostatu bakoitzak puntuazio bat lortuko du. Joan zen urtean Igoakoak lortu zuen txapela. Igoako ostatuaren azken egunak dira, hain zuzen, Sara Crisostomo eta Bohumil Zacek oraingo kudeatzaileek azaroaren 29an izanen baitute azken eguna Igoan. Urte eta erdi aritu dira eta herria oso pozik agertu da haiekin. Haiek ere oso eskertuak herritarren harrerarengatik, baina etapa berri baten bila, esan bezala, Igoako ostatua utziko dute lehiaketaren ondoren.
Basaburuko pintxo lehiaketaren helburua bertako eta sasoiko produktuak sustatzea da eta Basaburuko Gizarte Politika Batzordeak antolatzen du.
