Elkarrizketa

Luzia Goñiri omenaldia eginen diote Aizarotzen abenduaren 10ean

Amezti.eus 2023ko aza. 28a, 11:00

Luzia Goñi bertsolari aizaroztarrari egun osoko omenaldia eginen diote abenduaren 10ean. Herriko Kultur Etxeari, gainera, bere izena jarriko diote omenaldian: Luzia Goñi Kultur Etxea. 2020an zendu zen Goñi, Tirapun, baina Aizarotzen eman zituen bere biziko lehen urteak, eta herriari buruzko hainbat bertso idatzi ere utzi zituen. Mikaela Elizalde eta Mintxo Astiz, omenaldi egunaren antolatzaileak elkarrizketatu ditugu Esan Erranen.

Abenduaren 10ean, eguerdiko 12:0etan emanen diote hasiera egunari, Luzia Goñi Kultur Etxearen izendatzearekin. Segidan, Luzia Goñiren bertso musikatuak izanen dira, Joana Ziganda eta Ekain Alegre bertsolarien eskutik. 14:00etan, herri bazkari berezia izanen da, izan ere, Goñi, ogibidez sukaldaria zen, eta bere ohiko errezeta batzuk prestatuko dituzte. Sarrerak eskuratzeko, 660 97 04 06 telefonora deitu edo idatzi behar da. 16:15ean bideo proiekzioa izanen da, eta bukatzeko, 16:30ean, punta-puntako bertso saioa: Maialen Lujanbio, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza arituko dira.

Aurreko egunetan, gainera, Aizarozko gazteek mural bat margotuko dute herrian bertsolariaren omenez. Basaburuko Basandereok taldeak eta Luziaren familiak elkarlanean antolatu dute eguna, Basaburuko Udalaren babesarekin.