Ekintza Basaburuko Basandereok talde feministak bultzatu zuen. "Aspalditik Luzia Goñiren bizitza ikusarazi nahi genuen. Emakumezko erreferenterik ez dugun honetan, Luzia Goñi emakume ausartaren adibidea zela pentsatu genuen. Hainbat alderditan espazio publikoa bete zuelako eta emakume bertsolaririk ezagutzen ez zen garai batean jendearen aurrean azaldu zelako. Horregatik, 2022an egutegiaren azala eskaini genion", azaldu digu Mikaela Elizalde, Basandereok taldeko kidea.
Egutegiko azala eskaintzeaz gain omenaldi nabarmenago bat egin nahi zioten, eta, horrela okurritu zitzaien kultur etxearen izendapena: "Luzia Goñi Aizarotzen jaio zen eta kultur etxeak ez du izenik... beraz, Basandereok Basaburuko Udalari bere izena jartzeko eskatzea erabaki genuen". Eta, udalak baiezkoa eman zien.
Abenduaren 10ean eginen da izendapen ofiziala, eta egun osoko egitaraua antolatu dute ospatzeko.