Pulunpeko edukiak

[ELKARRIZKETA] "Irakasle ona izatea izugarri zaila da, eta asko dago jokoan"

Amezti.eus 2023ko uzt. 12a, 09:59

Bertako herritar askok bezain ongi ezagutuko du honezkero Kepa Mateorena irakasleak Basaburua. Edo, behintzat, bertako haur, gazte eta ez hain gazteak. Izan ere, azken 17 urteak eman ditu Jauntsarasko Oihanzabal eskolan lanean, horietako asko zuzendari bezala. Aurtengo ikasturtearen bukaerarekin batera amaitu da Oihanzabalgo bere ibilbidea, ordea. Aitortu digu penaz utziko duela eskualdea, baina, aldi berean, eskolari eta berari ere aldaketak on egingo diola uste du. 

Noiz hasi zinen Jauntsarasko Oihanzabal eskolan lanean, eta nola gogoratzen duzu hasiera hura? 

2006an hasi nintzen, eta ilusio handiarekin gogoratzen dut hasiera. Kuriosoa da, iritsi nintzenean gaurko ikasle kopuruaren oso antzekoa baitzituen eskolak, 38 bat ikasle izanen ziren. Banuen hemen irakasleren bat ezaguna nuena, eta eskola oso polita iruditu zitzaidan, lehenbiziko urteko oroitzapen oso ona dut. Gogoratzen dut lau maila batera zirela: hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako taldeak, denak nahasiak zeuden. Oso ongi pasatu genuen eta niretzat esperientzia oso aberasgarria izan zen. 

"Eskola txikia baina oso dinamikoa zen Oihanzabal hona iritsi nintzenean"

Aurretik lan egin zenuen eskolekin alderatuta, oso desberdina al zen Oihanzabal? 

Bai, bai. Ni aurretik Irurtzunen, Leitzan, Zizurren eta Noainen aritua nintzen. Denak eskola askoz handiagoak ziren, eta problematika erabat desberdinekoak. Hau eskola txikia zen, irakasle taldea ere bai, baina aldi berean oso dinamikoa. Proiektuak sortu nahian aritu ginen, saltsa askotan sartu ginen –agian gehiegitan– eskola transformatu nahian. Gauza batzuk egin ziren, baina egia da beste batzuk zintzilik gelditu zirela. Gaurtik begiratuta, agian errealismo pittin bat falta zitzaigun? Azkenean, gauzak eraldatu nahi dituzunean, hasten bazara bat-batean erabateko aldaketekin, itotzeko arriskua ere badago. Baina bai, saiakerak egin genituen, metodologia desberdinak aztertzen aritu ginen eskola desberdinetan... eskola honetako arazo handi bat izan da urtetik urtera aldaketa handiak egon direla irakaslerian eta ekipoa askotan berritu dela, eta horrela zaila da proiektu bat finkatzea. 

Urte guzti hauetan bailarak bizi izan dituen aldaketen lekuko izan zara, nolabait. Zu iritsi zinenetik Basaburua ingurua asko aldatu dela esanen zenuke? 

Bailara bera eta gizartea orokorrean asko aldatu dira, bai. Familia, heziketa estiloak... dena aldatu da! Iritsi nintzenean eskola txikia zen hau, baina orduan hasi ziren pixkanaka Aizaroztik ikasle geroz eta gehiago etortzen. Izan ere, Aizarozkoa fenomeno garrantzitsua izan zen bailaran, apustu handia egin zuten, eta nik uste dut emaitzak eman zituela: etorri zen jende asko hurrengo urteetan hona bizitzera, eta jende oso dinamikoa zen gainera, gogoz etorri zirela uste dut. Hori eskolan ere nabaritu zen. Baina, aldi berean, ikasleen eta familien tipologia eta soziologia ere asko aldatu ziren. Etorritako jende asko hiritarra zen, eta hori eskolan ere nabaritu zen, umeak hezteko moduagatik, baloreengatik, etab. Eskola barnean egokitzeko eta aldaketak egiteko beharra ekarri zuen, eta polita izan zen, baina talkak ere sortu zituen. 

Irakaskuntza bera ere aldatu izan da geroztik, ezta? Nola ikusten duzu gaur egun irakaskuntza? 

Asko aldatu da. Hasteko, hezkuntza legeak aldatu dira, nik ez dakit zenbat lege ezagutu ditudan urte hauetan! Bestetik, digitalizazioak ere aldaketa ikaragarria ekarri du, eta iruditzen zait eskolak asko ari direla burokratizatzen. Gaur egun, irakasleok denbora asko pasatzen dugu ordenagailu aurrean, informeak betetzen, dokumentuak sortzen... izugarria da. Eskakizunak eta hobekuntza planak ere etengabekoak dira, lan karga asko handitu du horrek guztiak, baina bitartekoak lehengo berak dira. Ordu kopuru berak. 

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/sDp/kepa_oihanzabalen_moldatua.jpg

Eta edukietan eta gauzak lantzeko moduan? 

Bai, zorionez, garrantzia handiagoa ematen zaio gaur egun ikasleen aniztasunari, baina beti ez da erraza horri erantzutea, irakasleak oso prestatua egon beharra du hor sortzen diren behar guztiei erantzuteko. Garai batean erritmo bat markatzen zen, testu liburu batekin adibidez, eta ailegatzen ez zirenak ziren errekuperatu beharra zutenak edo suspenditzen zutenak. Orain, beste exigentzia batzuk daude, eta gure prestakuntzak batzuetan huts egiten du horretan, ez delako erraza. Beti pentsatu dut irakasle ona izatea izugarri zaila dela, eta pertsonekin ari zara. Badakigu eskolako urteek zein eragin duten gerora ere, ez titulazioari begira bakarrik, autoestimuari begira ere bai. Eskola izan daiteke bide aberasgarri, polit eta bizigarria, edo ikaslearentzat frustrazio ikaragarria. Jokoan asko dago. 

“Landa eremuko eskola txikien errealitatea ez dago batere zaindua administrazioaren partetik”

Administrazioak landa eremuko eskoletako beharrak kontuan izaten al ditu? 

Ez, inolaz ere ez. Landa eremua orokorrean oso utzia dago alor guztietan, bada, eskolak ere berdin. Eskola txikien errealitatea ez dago batere zaindua. Ikasle gutxi ditugu, eta administrazioak askotan planteamendu horrekin jokatzen du. Hemen 40 ikasle ditugu, 'zer da ba hori?', pentsatzen dute. Eskola handi batean gela eta erdi! Administrazioak bere legeetan irakasleoi eskatzen digu aniztasunari erantzun behar diogula, errealitate desberdinei... baina bera ez da gai eskolen aniztasunari erantzuteko. Kontuan izan behar lukete eskola desberdinak daudela, problematika eta behar desberdinekin. 

Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera faltak jende asko kezkatzen du azken urteotan. Nola bizi izan duzu gai hau eskolan? 

Asko nabaritu dut nik hori, etorri nintzenean eskola izugarri euskalduna zen hau euskararen erabilerari begira: ikasleek hitz egiten zuten patioan, jantokian... Orain, berriz, ikasle gutxi batzuk kenduta, asko hitz egiten dute gazteleraz, eta gainera modu naturalean ateratzen zaie. Ikasle asko errazago komunikatzen dira gazteleraz, eta erabat euskaldunak diren txikiak ere, 3-4 urtekoak, hona iristean erdaraz ez dakitenak, sartu eta urtebetera erdaraz ari dira askotan. Hemen ere aritu gara gu horretan eragin nahian eta erabilera sustatu nahian, baina oso-oso zaila dago kontua. Eta, eskolak badu eragiteko aukera, bai, baina kanpoko giro orokorrak ere asko esan nahi du. Giro orokorrean gaztelania nagusitzen bada, haurren arteko inertziek ere horretara jotzen dute. 

Urteotako oroitzapen berezirik baduzu? 

Uf... asko ditut! Gogoan dut, adibidez, etorri eta gutxira 9 ikaslerekin astebete Bartzelonara joan ginela, familia baten aitonak han zuen pisu batera. Han ibili ginen batetik bestera, oso gustura. Batzuk erosketez arduratu ziren, beste bat metroan mugitzeko planak egiteaz arduratzen zen... oso esperientzia polita izan zen! Baina, tira, bizipen eder asko egon dira. Oso gogoan ditut klasean sartu aurreko momentuak ere, umeekin jostaketan, edo sortzen diren besarkadak...