Paper gutxi batzuen esperoan, lekukoa hartu die gurasoei Manu Alvarez Galarzak. Hain zuzen ere, Berueteko Txaseneko bordako sagardotegiari eustea da bere apustua. Duela 30 urte baino gehiago zabaldu zuten gurasoek sagardotegia, eta bertan zerbitzari eta parrillero gisa urteetan lagundu ondoren, 25 urteko Manuk hartu du orain lekukoa. Manu Alvarez: “Aurten asko lagundu didate baina pixkanaka-pixkanaka ea bidaltzen ditugun gurasoak ere etxetik! (barreak). Sagastien maneiuak badu zerikusirik ikasketekin, baina ostalaritza beste mundu bat da, guztiz. Gehien kostatzen dena, paperak eta kontuak eramatea. Amak laguntzen dit horretan, atzean daukat erabat, eta eskerrak!”.
Bide berriak
Lupulo sagardoarekin probak egin ditu aurten Alvarezek, eta suzko sagardoa egitea ere bada bere asmoa
Aitaren jakin-mina ere jaso du Manu Alvarezek, eta horregatik, gauza berriak probatzen ari da sagardotegian. Adibidez, lupulo sagardoa: “2019an hasi nintzen horrekin. Lehenengoan ez zitzaidan ongi atera baina ideia ona zela ikusi nuen eta hobetu zitekeela, aurtengoarekin pozik nago”. Baita Suzko sagardoa ere: “Horretarako heren bat rebajatu genuen sagar zukua, eta orduan azukre gehiago kontzentratzen da. Ondoren, fermentatu egin behar da, alkohol gehiagorekin eta gozoagoa izaten da. Itxura ona du. Hori aitaren ideia izan zen. Duela urte pare bat kongresu batera joan ginen Kursaal-era. Mundu guztiko sagardoak ikusi genituen hor, izotz sagardoa, suzko sagardoa eta lupulatua, tartean. Kopiatzea, funtzionatzen badu, ongi dago (barreak).
Hurrengo urratsa txakolina izatea nahiko luke: “Bideratuta nuen, paperak eginak eta entregatuta, eta orduan esan zidaten baimen bat falta zitzaidala. Beraz, hurrengo urtean hasiko naiz, honezkero prest daukat dena”.
Bizikletaz
Bizikletaz egiteko zortzi bat bide prestatu dituzte auzolanean Bsaburuko BTT taldekideek
Bide berriak sagardotegian, eta baita bi gurpilen gainean ere: “Lehen herrira jaisteko besterik ez nuen erabiltzen. Gero, Basaburuko BTT egiten hasi ziren, osabari bizikleta kaxkar bat eskatu nion eta kristoren gozatua hartu nuen”. Duela bost bat urte zaletu zen bizikletarekin, eta beste hiru lagunekin MTB Basaburua osatu eta bidexkak garbitzen eta seinalizatzen ari dira. Honezkero, zortzi bat txukundu dituzte. Azkenekoak, Lauburu eta uztailan zabalduko den Basajaun bidexkak: “Gero, proiektu gehiago ditugu buruan baina momentuz egindakoak ongi mantendu nahi ditugu. Horiek mantentzeko gai bagara, egingo dugu besteren bat”.
Bidexkak zabaldu bakarrik ez, topaketak ere egin dituzte, ikusgarriena KDD ENDURO edo teknika altuko jaitsierak egiteko ibilbideek hartzen duten izena, Aizarotzen, ekainaren 4an izan zen: “Topaketarik jendetsuena izan da, bai, lehen hamabost bat lagun elkartzen baikinen. Lau gida ginen eta hasieran gehienez hogei pertsona apuntatzeko muga jarri genuen. Egun berean bete zen muga hori, orduan 30era igo genuen. Segituan bete zen berriz ere, eta, azkenean, 37 bildu ginen”. Bizikletako ibilbidea egin ondoren, Aizarozko Ostatuan ederki bazkaldu eta Jauntsaratsa joan ziren Basaburuko eguneko giroa ezagutzera.
Bizikletak, gainera, atzerrira bidaiatzeko aukera eman dio, Marokora eraman zuen maiatzean: “Han Titan Desert deituriko ekitaldia egiten dute. Egunetako karrera da, basamortuan. Almerian ere egin zuten, 2020an, mugak itxita zeudenean. Orduan, Cabo de Gata parke nazionalean zenez, ezin zen 4 x 4 ibilgailuekin markatu. Bi lagun behar zituzten bizikletaz. 2020an markatu zutenak sekulako desastrea egin omen zuten. Lagun bat dut bertan sei urte laguntzaile bezala daramatzana, hark proposatu Zidan, eta ideia asko gustatu zitzaidanez beste lagun bati komentatu eta Almerian ibili ginen markatzen. Ongi egin omen genuen, eta aurten berriz ere deitu ziguten Marokora joateko, baina han ia lur orotariko ibilgailuarekin”.