Jose Manuel Lasarte apaiz etxarriarra izan zen Berueteko irratiaren sortzailea. Nartxi Nabarro beruetearrak hurbiletik ezagutu zuen elizako irrati hura, eta hark kontatu digunez, garai hartarako oso aurrerakoia izan zen Lasarte, aldaketa ugari ekarri zituen Beruetera eta eskualdera. “Asko harrotu zuen Berueteko eliza eta ohiturak berritu zituen. Esaterako, lehen aldiz elizkizunak euskaraz egiten hasi zen”, azaldu du. Elizako kantak ere euskarara ekarri omen zituen apaizak.
Hasieran, bozgorailu bat jarri zuen Lasartek elizaren gainean, eta mezak hortik botatzen hasi zen
50. hamarkadaren bukaeran sortu zuten Berueteko irratia. Data zehatzik lortu ez badugu ere, 1958. urtearen bueltan izan zela uste da. “Hasieran, bozgorailu bat jarri zuen Lasartek elizaren gainean, eta mezak hortik botatzen hasi zen. Adineko jendeak, gaixorik zeudenek edo elizara hurbildu ezin zutenek etxetik entzun zezaketen meza modu horretan”, kontatzen du beruetearrak. Baina garai hartan baserrietan ere jende asko bizi zen, eta horiengana nola iritsi zitekeen pentsatzen jarri zen apaiza. “Horrela pasatu zen irratiaren ideiara”.
Antena elizan, igorgailua sakristian
Esan bezala, elizkizunak hedatzea zen irratiaren hasierako helburua, eta elizari guztiz lotua zegoen. “Garai hartan elizkizunak oso ugariak ziren, eta guztiak emititzen ziren irratitik: goizeko meza, arratsaldeko arrosarioa, norbait hiltzen zenean egiten zen bederatziurrena eta abesten ziren errespontsuak...”, azaltzen du Nabarrok. Kontuan izatekoa da garai hartan irratia ez zela ohikoa, eta etxe askotan orduan hasi zirela aparatuak jartzen. Beruetearrak barrez gogoratzen du haren aitatxi nola gelditu zen txundituta sukaldean jarri zuten kutxa hark hitz egiten ziola eta atzean inor ez zegoela ikusita.
Ekipamendu aldetik oso sinplea zen Errosarioko Amaren Irratia: disko-jogailu bat, magnetofoi bat eta diskoak. “Magnetofoia motorreko atzeko partean jarri eta herri batetik bestera ibiltzen zen Jose Manuel apaiza, ez dakit nola moldatzen zen ere!”, gogoratzen du Nabarrok. Herriko festetara bertsolariak edo musikariak etortzen zirenean, ez omen zuen aukerarik galtzen, eta beti grabatzen omen zituen saio horiek, festa ondoren irratian berriz ere botatzeko.
Hasieran elizako kontuak soilik emititzeko bazen emisorea, pixkanaka bestelako gaiak ere jasotzen hasi zen. Nabarro esatari bezala aritu zen bertan. “Eguerdi partean inguruko berriak ematen ziren: norbaiti behor bat galtzen zitzaionean, adibidez, irratitik zabaltzen zen jendeari jakinarazteko, edo herrian giltza batzuk agertzen baziren...”. Herritarren kontu xumeak ziren, baina aurrerakuntza handia suposatu zuen Beruete bezalako herri txiki batentzat.
Gerora, norbaiti musika eskaintzeko aukera ere zabaldu zuten. Postariak herri guztietatik gutunak eramaten zizkien sakristiara, halako egunetan halako diskoa jartzeko eskatuz. “Jendeak diskoak eskatzen zituen eta guk jarri egiten genituen, gaurko binilo handi horietakoak izaten ziren, minutuko 33 bira ematen dituzten horietakoak”, dio.
Basaburutik mundura
Tira... mundura esatea gehitxo izanen da agian, baina egia da Beruetetik emititzen zen irrati hura, Basaburuan eta Ultzama aldean ez ezik, Nafarroako beste eskualde askotan ere entzuten zela. “Ez dakigu seinalea noraino iristen zen, baina badakiguna da Leitzan, Larraunen, Lekunberrin, Ezkurra aldean eta beste toki askotan ere entzuten zela, eta herri horietatik ere gutun ugari jasotzen genituen. Adibidez, Gartzaronen norbait hiltzen zenean, bederatziurrena egiteko apaizari ordaintzen zioten, eta arrosarioa, errespontsua eta ondorengo gure kantuak irratiz emititzen ziren. Horrela, familia Beruetera etorri beharrean, etxetik entzuten zuten”, azaldu du Nabarrok.
Ez dakigu zehazki zenbat urte eman zituen aktiboan Berueteko Errosarioko Amaren irratiak, baina Nabarrok kalkulatzen du 8 eta 10 urte artean emititu izan zuela. Irratia itxi baino lehenago, Arrate Irratira mugitu zen bera, baina Jose Manuel Lasartek jarraitu zuen emititzen.
Baina... zergatik amaitu zen? Zergatik eten ziren irratiko emisioak? Hasteko, kontuan izatekoa da frankismo betean zeudela, eta garai hartan zaila zela erregimenaren kontroletik kanpo gauzak egitea, are gutxiago euskaraz. Bada, erregimen hark onda motzetik FMra jauzi egiteko momentua aprobetxatu zuen tokiko irrati txiki asko ixteko. “Irratiak ixteko aitzakia izan zen 'onda corta' hori oso mugatua zela, ongi sintonizatzeko tokirik ez zegoela eta FMra pasatu behar zela... zer gertatu zen? Euskarazko irrati ia guztiak itxi zituztela horrela”. FMtik emititzen hasteko baimenak Madrildik etorri behar ziren, eta diru asko kostatzen zuen horrek. “Begira zenbat urte pasa diren, eta gauza batzuk ez dira gehiegi aldatu, eh!”, gehitu du Nabarrok.
Irratia gelditu zenean, Jose Manuel Lasartek Arantzako apaiz Esteban Irigoieni saldu zion ekipamendu osoa. Arantzako irratiaren inguruan dokumentala egin duen Oier Fuentesek kontatzen duenez, motor txiki batean eraman omen zituzten trasteak Arantzaraino. Hor bukatu zen Berueteko Errosarioko Amaren irratiaren historia. Hark utzitako aztarnak bizirik jarraitzen du oraindik, dena den...
2009an, Euskalerria Irratiak omenaldia egin zien Nafarroako lehen irrati euskaldunetako aitzindariei, tartean Nartxi Nabarro Berueteko irratiko esatariari eta Arantzako irratiko Esteban Irigoieni. Larreko saria eman zieten, irratigintzaren eta euskararen alde egindako lana eskertzeko eta elizetako kanpandorreetatik emititzen zuten aitzindari haien lanari aitortza egiteko
33 wattio bakarrik
Horixe da Oier Fuentes beratarrak amaitu berri duen dokumental laburraren izenburua. Ikus-entzunezko lan horretako protagonista Arantzako irratia bada ere, Beruetekoak ere badu bere lekua. Gainera, dokumentalerako zenbait irudi gure eskualdean hartuak dira, Larraintzarko Iñaki Larraiotzen estudioan, besteak beste. Azpitituluei azken errepasoak ematen ari da momentu honetan Fuentes, eta espero du hemendik gutxira ikus-entzunezkoa mugitzen hasi ahal izatea. “Jaialdi txiki batzuetara bidaltzen ari naiz momentuz, eta ondoren hasiko naiz herrietatik mugitzen. Espero dut zuen eskualdera ere iritsiko garela”, dio.