Eskualdeko haur eskolak, greban

Amezti.eus 2022ko mai. 2a, 12:19

Nafarroako haur eskolek greba mugagabea hasi dute gaur, 0-3 plataformak deituta. Eskualdean ere, Jauntsarasko eta Iraizozko haur eskolak grebara batu dira.

Jauntsarasko Ttikiena haur eskola aste osoan itxita egonen da, ezarritako zerbitzu minimoek (hezitzaile bat bi unitateko) ez dutelako segurtasuna bermatzen. Iraizozko Xinbili Xanbala gaur guztiz itxi dute eta, ondoren, ostegunetan itxiko dute. Nafarroa osoko 43 haur eskolek eginen dute greba, 0-3 Plataformatik jakitera eman dutenez. 

Hamarkadak daramatzate Nafarroako haur eskoletan borrokan, duintasuna eskatzeko. Salatzen dutenez, Nafarroan ratio bikoitzak dituzte Europako hainbat herrialdeekin konparatuta, hau da, hezitzaile bakoitzak haur kopuru bikoitza zaindu behar du. Gainera, ordainsari baxuaz kexu dira: Eusko Autonomi Erkidegoan 1.800 euroko soldata badute, Nafarroan 1.300ekoa da, hamabi pagatan.

Duela bi urte mobilizazioei bultzada bat eman zizkieten, eta aurten areagotu egin dituzte. Orain, greba hasi dute, eta Nafarroako Gobernuak 0-3 plataforma negoziazio mahaian hizlari gisa onartzen ez duen bitartean, mantenduko dute.

Gaur, lehenengo greba egunean, langileak ikusi ditugu eskualdeko ostatuetan eta dendetan haien borroka babesten duten herritarren sinadurak biltzen.