Termino komertzial batetik dator Fernandezen proiektuaren izena, Win Win. “Akordio bat lortzen denean eta alde guztiak irabazten ateratzen direnean erabiltzen da”, azaldu digu. Txakurren heziketarekin gertatzen dena sinbolizatzen du, nolabait. “Azken batean, hori da proiektu honen ideia, denon onerako laguntzea”, dio.
Igoako baserrian, hainbat zelai eta itxitura ditu prestatuak Fernandezek, txakurren prestaketa eta entrenamenduetarako erabiltzeko. Antzarak, ardiak, oiloak eta beste hainbat abere ere badituzte, eta guztiek konpartitzen dute espazioa txakurrekin, nahiz bakoitzak bere lekua izan. “Txikitatik ohitzen dira hemen giro honetara, beste animaliak ere inguruan izatera”, dio.
"Garrantzitsua da txakurrek txikitatik akarrik egoten ikastea"
Genetika garrantzitsua, baina ez dena
Kelpie australiar eta Border Collie arrazako hogei bat txakur ditu Fernandezek Igoako etxaldean. Urtean behin edo bitan izaten dituzte kumaldiak, eta kumeak saldu egiten ditu. Hori bai, bi hilabete eta erdi inguru ematen dituzte berarekin, eta denbora hori txakurrak prestatzeko ere erabiltzen du. “Bakarrik egoten ikasten dute normalean adin horretarako, hori da nire lana: transportinean egoten irakastea, autonomia izaten eta amaren edo beste kumeen beharrik gabe lasai egoten”. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaio Fernandezi hori txakurrak beste leku batera joan eta han ongi egokitzeko.
Kelpietako bat hartu, Kiwi izenekoa, eta etxaldeko ardiak jasotzera joan gara. Ez dizkio agindu gehiegi ematen txakurrari Fernandezek, txakurraren genetikari eta senari bere lana egiten uzten dio batez ere. Noizbehinka, agindu motz eta konkretuak: stop, look back, no... “Agindu gehiegi ematea ere ez da ona, nahasi egiten dira asko hitz egiten badiegu. Txakur batek nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu, ez baitira pertsonak”, dio.
“Asko maite baditugu, ulertu beharra dugu txakurrak ez direla pertsonak, eta beste modu batean komunikatzen direla”
Pertsonarekiko harremana, gakoa
Artzain txakurrekin lan egiterakoan nahiz beste edozein arrazako txakurrarekin portaera arazoak zuzentzerakoan, ezinbestekoa da Fernandezen iritziz pertsonaren –edo familiaren– eta txakurraren arteko harremana lantzea. “Askotan txakurrak ez du arazorik izaten, pertsonak baizik. Batzuetan txakurra ekartzen dizute eta esaten dizute 'tori, ea aldatzen duzun'. Baina gauzak ez dira horrela, txakurrak ez ezik, zuk ere aldatu beharra duzu. Elkarlana eta harremana da gakoa”. Hori horrela, jarraibide batzuk ematen dizkie Fernandezek jabeei, zer egiten utzi eta zer ez eta antzekoak, eta txakurrari mugak jartzen lagundu. Baina aurrean dutena ez dela objektu bat ulertzea garrantzitsua da: izaki biziduna da, eta norberak berarekiko harremana lantzea ezinbestekoa da.
20 urte baino gehiagoko esperientzia
Gaur egun beste lan batekin uztartzen du Fernandezek txakurren heziketarena. Ez du gaiarekin lotura zuzena duen ikasketa edo titulazio zehatzik; esperientzia eta praktika izan dira bere eskola. “20 urte daramatzat honezkero txakurrekin lanean. Orduan kaiolak garbitzeko lanean hasi nintzen, eta harrez geroztik, esperientziatik eta praktikatik ikasten joan naiz”, dio. Frantzian ere badu lagun bat txakurren heziketaren munduan sartuta dabilena, eta berarekin gauza asko ikasteko aukera izan duela dio.