70 urtetik gorako herritarrak txertatuko dituzte apirilaren 8an

Amezti.eus 2021ko api. 1a, 17:36
Martxoaren 18an Covid-19aren aurkako txertoa jaso zuten 80 urtetik gorako herritarrek

Apirilaren 8an Covid-19aren aurkako lehenengo dosia jasoko dute 70 urtetik gorakoek. 80 urtetik gorakoek ere, egun horretan, bigarrena jasoko dute.

Larraintzarko frontoian izanen da txertaketa, eta hitzordua zehazteko Osasun Etxetik telefonoz deituko dituzte herritarrak.

Martxoaren 18an jaso zuten lehenengo dosia 80 urtetik gorako herritarrek. 180 pertsona zeuden deituta, osotara, eta apirilaren 8an jasoko dute Covid-19aren aurkako bigarren dosia. Orduan ere Larraintzarko frontoian izan zen txertaketa, eta 12 herritar aritu ziren bolondres, antolaketa lanetan laguntzen.

Bigarren dosia jasoko dituzten horiei 70 urtetik gorako herritarrak batuko zaizkie, lehenengo dosia hartzeko. Hitzordua zehazteko Osasun Etxetik deituko dituzte telefonoz. Aurrekoan bezala, beste komunitate batekoak direnak baina gurean bizi diren herritarrak txertoa jarri nahi badute Larraintzarko Osasun Etxearekin harremanetan jarri beharko dira. Baita estaldura pribatua dutenak edo Nafarroan medikua duten desplazatuek ere. Horretarako, 948 30 93 50 telefonora deitu behar da.