Covid-19aren aurka txertatu dituzte 80 urtetik gorako herritarrak

Amezti.eus 2021ko mar. 18a, 14:23

Arratsaldeko 3rak arte, gutxi gorabehera, izan dira txertaketak Larraintzarko Frontoian. Antolakuntzatik oso pozik agertu dira, dena ongi joan delako.

12 herritar boluntariok lagundu dute antolakuntza lanetan, eta oso pozik agertu dira emaitzarekin. Batzuk kanpoan, autoei nondik sartu eta nondik atera esateko, beste batzuk barruan, txertoa jaso behar zutenei laguntzen. Horrela izan dira goiz osoa, 15:00ak arte.

Boluntarioen artean, Jauntsaratsen urte luzez medikua izandako Arantxa Martinez, emozionatuta: "Oso pozik nago lagundu ahal izan dudalako. Gainera, aspaldi ikusi gabe nituen basaburutarrekin egin dut topo, eta haiek eta baita nik ere emozionatu gara".

Gartzarongo Maria Luisa Beuntza ere aritu da antolakuntza lanetan, eta esan digunez dena ongi joan da: "Txertatu eta gero 15 bat minutu itxaron behar dute, erreakziorik ez dutela ziurtatzeko. Emakume bakar batek izan du, oso urduri zegoelako, eta zorabiatu egin da pixka bat. Baina bestela ez da ustekaberik izan".

Eskualdean, Orzuri Beldarrain medikuak esan digunez, 80 urtetik gorako 180 herritar ditugu. Gainera, urtarrilean eta otsailan 79 herritarrek jaso zuten Covid-19aren aurkako txertoa: Osasun Etxeko eta Gizarte Zerbitzuetako langileek, eta menpekotasun handikoak eta haien zaintzaileek.

Erlazionatuak