Pulunpeko edukiak

Eskualdeko gaztagileak: krisiari ahal bezain ongi erantzuten

Amezti.eus 2020ko abu. 3a, 13:07
Ekollaondoko Joxean Iturralde

ERTEak direla, enpresa eta negozio txikien ixtea dela... lehendik zailtasunekin ari ziren askori are zailago jarri die krisiak aurrera jarraitzea. Egoera honek gure eskualde zabaleko gaztagileei nola eragin dien jaso nahi izan dugu Pulunpe honetan. Jakinik martxo eta apirilekoa urteko garairik garrantzitsuena dela beraientzat, gaztak ekoizteko momentua delako.

 

Dorrea Gaztandegia – Udabe (Basaburua)

Mikel Martiarena Barkaiztegi, kudeatzailea

 

 

Gure eguneroko lan egiteko moduan eta merkatuaren funtzionatzeko moduan eragin digu koronabirusak. Lan egiteko moduari dagokionez, denok bezala, guk ere protokolo berriak jarri behar izan ditugu martxan. Gu ez gara artzainak edo gaztandegi txiki-txiki bat, hemen hogei langile gara. Baina nik beti esaten dut benetan 200 garela, zeren hemengo langileez gain Euskal Herri osoko 175 artzainei hartzen diegu esnea. Gurea oinarrizko jarduera zenez, ez gara inongo momentutan gelditu, eta gainera kontu guzti honek gure ekoizpenean lan gehien dagoenean harrapatu gaitu: martxoa, apirila eta maiatzean. Kontingentzia plana jarri behar izan genuen martxan: hiru langile kanpoan gelditu ziren besteok gaitzagatik etxera joan behar izango bagenu beraiek lana aurrera ateratzeko. Orduan, inoiz baino lan karga handiagoarekin eta langile talde murriztuarekin aritu gara: kontingentzia planagatik, eta koronabirusagatik izan ditugun bi bajengatik”.

 

Beste kontu bat da merkatuarena: gure negozioa ez da gazta egitea soilik, saltzea ere bada. Saltzen ez baduzu, dirua inbertitzen ari zara eta ez duzu bueltan jasotzen. Gure salmentak apirilean %30 jaitsi ziren, eta maiatzean %17. Azaro-abendu inguruan jakinen dugu urtea nola joan den, baina beldurra, denek bezala, badugu: urte bukaeran espero baino salmenta txikiagoak egitearena. Guk artzain guztiekin hitz egin genuen eta denei eskatu genien beraien bolumenak jaisteko, eta artzain bati hori eskatzea oso zaila da, hori baita beraien soldata. Baina ez dakigu zer gertatuko den”.

 

Ekollaondo ahuntz gazta – Goldaratz (Imotz)

Josean Iturralde, ekoizlea

 

Duela hiru bat urte hasi ginen egonkortzen eta produkzio polit bat ateratzen, eta urtez urte pixkanaka handituz goaz, baina aurten justu ahuntzen erditzea okertu zitzaigun, arazoak izan ditugu eta ahuntzen %30 inguru gaizki umatu ziren. Beraz, produkzioa jaitsi egin zaigu, koronabirusaren egoeraz gain beste galera hori ere tokatu zaigulako”.

 

Ahuntzak, ardiekin alderatuta, bero gehiago behar du hotza baino, eta horregatik beraien umatzea martxoaren hasiera inguruan izaten da. Justu orduan iritsi zen koronabirusaren kontua, gu hor hasi ginen gazta ekoizpenarekin eta, beraz, alde horretatik ez dugu gure salmentan hainbeste nabaritu”.


“Orain bai, hiru hilabete pasatu ondoren azoka gabe gaude, eta honezkero saltzen egon beharra genuen. Guk produktuaren zatirik handiena zuzeneko salmenta bidez ateratzen dugu, dendetan eta ostalaritzan hasiak gara baina oraindik oso gutxi saltzen dugu bide horretatik. Azoka garrantzitsuenak udazkenean pilatuko dira, eta bitartean salmenta pixkanaka joanen dela pentsatzen dugu. Gaztak behar bezala mantentzeko ontziratzen ari gara, eta ikusiko dugu urte bukaerarako nola joan den salmenta”.

 

Juanbeltz Gaztandegia – Beruete (Basaburua)

Asier Juanbeltz Astiz, familia-enpresako kidea

 

 

Denei bezala, guri ere eragin digu koronabirusaren krisiak, baina egia da produktuari aterabide bat ematen behintzat ari garela. Gure bezeroetako asko denda txikiak, harategiak eta halakoak dira, eta haiek lanean segitu dutenez eta normalean baino gehiago saldu dutenez, beste esparru batzuetako salmentak konpentsatzea lortu dugu. 700 bat buruko artaldea dugu guk, urtez urte handitzen joan garena. Beste garai batzuetan gure esneaz gain kanpotik ere esne kantitate handiagoak erosten bagenituen ere, orain egoera dagoen bezala, guk ekoizten dugun esnearekin soilik ari gara gaztak egiten”.

 

Sagardotegi garaian herrian mugimendu handia egoten zen: sagardotegietan bertan gure gaztak ematen zituzten eta handik jende asko etortzen zen etxera gaztak erostera ere, lotura hori bazegoen. Eta horretan bai, asko nabaritu dugu. Baina gutxi gorabehera salmentak mantentzea lortu dugu eta ez da gutxi! Zuzeneko salmenta bakarra egingo bagenu oraintxe askoz okerrago egonen ginen: salbatu gaituena, esan bezala, dendetan eta harategietan dezente saltzea izan da”.

 

Maria Zilbeti – Olague (Anue)

Tia Maritxu gaztandegiko ekoizlea

 

 

Urtarrilean abiatu nuen gaztandegi proiektua, eta martxoan geldialdi orokor honekin topatu naiz. Lehen erabakia esnea erosteariz uztea izan zen, gaztak nire artaldetik ateratzen nuenarekin soilik egiteko. Ez nuen hozkailuak erritmo horretan betetzen segitu nahi gazta salmentarik egongo ez bazen. Bigarren erabakia loteak osatu eta gaztak etxeetara saltzea izan zen, jatetxeak itxita baitzeuden eta dendek ere gaztak eskatzeari utzi zioten. Salmenten bilakaera deseskaladaren ispilu izan da: etxeetako salmentak orain behera egin dute dendetan eta jatetxeetan gora egin duten bitartean”.

 

Orain arazorik handiena bizi dugun ziurgabetasun egoera da: inork ez daki zer gertatuko den epe laburrean ere, eta horrela oso zaila da zenbat ekoitzi kalkulatzea. Gaztak ontzeko denbora behar du, gainera, ez da egun batetik bestera egiten saltzera ateratzeko. Denbora honetan ez dut laguntza bakar baterako sarbiderik izan, eta gaztandegi bat martxan jartzea kostatzen den guztiarekin, gainera, ez dut planteatu ere egin. Dena dela, administraziotik laguntzeko modu asko daude, eta horietako bat bera ere ez zait iritsi”.