Koronabirusa

Covid-19a duen kasu aktiborik ez, Ultzama aldean

Guztira 18 pertsona kutsatu dira Covid-19az Ultzama aldean, martxotik hona; eta, tamalez, hiru hil dira. Gainontzeko guztiek sendagiria jaso dute, honezkero, Osasun Etxean esan digutenez.

Maiatzaren bukaera honetan ez dago Covid-19a duen kasu aktiborik gure eskualdean, Osasun Etxetik esan digutenez.

Apiriletik hona, PCR testak egin dituzte eskualdean, sintomekin berrogeialdian izan diren 60 pertsona baino gehiagori. Horrela, 10etik 18ra igo ziren kutsatutakoak, baina, esan bezala, sendagiria jaso dute eta orain ez dago kasu positiborik gurean.

Nafarroan egoera lasaitu dela ematen du, beraz. Baina, gogoratu, txertoa lortu arte 'distantzia soziala' eta neurri higienikoak mantentzea gomendatzen dute adituek.

Tamalez, hiru pertsona hil ziren martxoan Ultzama aldean. Lanzko 79 eta 90 urteko bi anaia zendu ziren martxoaren bukaeran. Hirugarren anaia batek, koronabirusak kutsatuta egoera zailean egon bazen ere, hobera egin zuen eta bizirik ateratzea lortu zuen. Alkozko 78 urteko gizonezkoa ere zendu zen martxoaren amaieran.

Ultzama aldea ere, bigarren fasean

Nafarroa osoan bigarren fasean sartu gara aste honetan, eta, horregatik, tabernak eta ostatuak ateak zabaltzen doaz: Berueten, Olaguen eta Larraintzarren zabalik ziren, honezkero; Jauntsarasko Apeztegiberrin astelehenean ireki zuten; Imotzen, Latasako Biltegia ekainaren 3an zabalduko du; Atetzen, Izarpe Kanpinak, ekainaren 4ean; eta, Lantzen Ostatua, ekainaren 8an.

Gainera, Larraintzarren, frontoia erreserbatu daiteke gaurdanik, beti ere protokoloa jarraituz: https://ultzama.eus/atala/albisteak/udal-pilotalekuaren-erabilerarako-protokoloa-deseskalatzearen-2-fasera-begira. Bestalde, liburuak maileguan eskatu daitezke liburutegian. Honetan ere, araudi bat jarraitu beharko da: https://ultzama.eus/eu/orria/covid19-liburutegiaren-gomendioak.