Koronabirusa

Eskualdeko jarduera agenda, bertan behera

Amezti.eus 2020ko mar. 13a, 11:49
Udazkenerarte atzeratu dute errugbi gaupasa.

Covid-19 gaixotasunaren edo Koronabirusaren zabalkuntza ekiditeko eta Nafarroako Gobernuko gomendioak jarraituta, kirol jarduerak eta jarduera kultural gehienak bertan behera edo atzeratu egin dira.

Nafarroako Gobernuak ikastetxe guztiak bi astez ixtea erabaki du, eta orduz geroztik, banan-banan, eskualdean antolatuta zeuden ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu dira.

Martxoaren 28an, Larraintzarren, ospatzekoa zen errugbi gaupasa udazkenera arte atzeratzea erabaki du BRT Menditarrak errugbi taldea. Partaideei ulermena eta laguntza eskatu diete, eta, halaber, lankidetza eta erantzukizuna herritarrei: "neurri egokiak har ditzaten (ahal duten neurrian) Covid-19 birusaren hedapena saihesteko baterako lan horri aurre egiteko".

BRT errugbi taldearendako finantzaketa iturri ezinbestekoa izan ohi da errugbi gaupasa, horregatik, denboraldi honi aurre egiteko bestelako iturriak bilatzeko eta indartzeko lanean jarriko dira, bidalitako oharran aipatu bezala: "etorkizuneko kanpainetan (bazkideak erakartzea, merchandisinga...) parte hartzera edo laguntzera animatzen zaituztegu".

Errugbi gaupasako afarirako sarreraren dirua berreskuratzeko Larraintzarko eta Iraizozko ostatuan, edo, telefonoz, 630 575 822 -an.

Bestalde, lehen sektorea bultzatzeko prozesu parte-hartzailerako bigarren bilera erronda ere atzeratzea erabaki dute Cederna Garalur agentziak, udalek, eta parte hartutako herritarrek eta ekoizleek. Gutxienez, bi astez atzeratuko dituzte.

Agenda kulturalari dagokionez: Larraintzarren, ostiral kulturaletako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte. Basaburuan, Jauntsaratsen, Bardoen finalaurretako itzulera izan behar zuen larunbatean, Apeztegiberrin. Hori ere atzeratzea erabaki du antolakuntzak.

Gauza bera gertatu da Aspek Ultzaman antolatutako aurrekanporaketa. Rezusta eta Peio Etxeberria lehiatzekoak ziren martxoaren 18an, Larraintzarko pilotalekuan, eta partida suspenditzea erabaki du enpresak.

Eskualdean ez, baina Gopegin (Araban) Euskal Herriko Mus Txapelketako finala izan behar zuen larunbatean. Bertan lehiatzekoak ziren Patxi Etxeberria eta Eneko Berasain bikote iraizoztarra, Nafarroa Garaiko txapeldunordeak. Itxoin beharko dute finala atzeratu baitute.