Udal Hauteskundeak

Esther Lakasta Perez-Ilzarbe: “Herritar guztion parte hartzea ahalbidetuko duen udal politika eta gardentasuna bultzatuko dugu”

Amezti.eus 2019ko mai. 21a, 17:15
Ezk.-esk.- Santos Etxegia, Xabier Azpirotz, Esther Lakasta, Marimar Ansorena eta Ricardo Arangoa. Behean, Olatz Dorai eta Julen Beunza.

Egun Basaburuko alkatea den Esther Lakastak EH Bilduko zerrendaburu gisa bezala errepikatzen du igandeko Udal Hauteskundeetan. Taldeko hainbat kide aldatzen dira, ordea. Aurreko lau urteetan martxan jarritako proiektuei jarraipena eman nahi diete. 

Zer nabarmentzen duzue zuen programan?

Herritar guztion parte hartzea ahalbidetuko duen udal politika bultzatu nahi dugu, funtzionamendu gardena izanen duena. Proiektu zehatzei erreparatuz, gaur egun martxan dauden proiektuekin jarraitu behar dugu: haur eskolaren kudeaketa publikoa, adinduen gela, alokairu sozialeko etxebizitzak, urteko osasun eta ongizaterako programak, kirol jarduerak, besteak beste. Baita martxan jarri berri ditugun proiektuak bukatu ere: Aktibitate ekonomikorako gunea, Apeztegiberriko igogailua eta ganbaran ikasketarako gela egokitzea, Basaburuko herri guztietan abiadura handiko Internet sarearen hedapena bukatzea eta Basanet Internet sarea kudeatzeko enpresa publikoa funtzionatzen jartzea, lehen sektorearen dinamizazioa eta berregokipena, bertako produkzio eta kontsumoa sustatzea...

Bestalde, herrien arteko harremanei dagokionez, eta kontzejuez osatutako udalerria garen aldetik, kontzejuekin harremana eta koordinazioa bermatu behar dugu. Gainera Aizarotz kontzeju berria izanen dugu eta uste dugu bailararendako oso positiboa izanen dela. Azken finean Basaburua justuagoa, solidarioagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko ekimenentan sakontzea da hurrengo lau urteotako apustua.

Demografiak behera egin du azken urteotan gure eskualdean, honi aurre egiteko neurririk jarriko al duzue martxan?

Basaburuak duen erronka nagusia biztanleria galtzeko joerari buelta ematea da, biztanleria galerari aurre egitea, alegia, populazioa mantenduz edota handituz. Basaburuan lan eta bizi ahal izatea da gure lehentasuna. Honetarako hainbat arlotan eragin beharra dugu, bertako ekonomiarako aukerak aztertu eta handitu, etxebizitzak zaharberritzeko, alokatzeko edota eraikitzeko  aukerak sortu, komunikazioak eta garraioa hobetu... Honetarako, udal hirigintza planaren egokitzearekin jarraituko dugu.

Aurreko lau urteotan norabide horretan jardun dugu eta hurrengoetan erronkari eutsi nahi diogu.

Zein da euskararekiko zuen jarrera?

Basaburuan euskaraz bizitzeko apustua aspaldi  hartu zuen udal honek. UEMAko partaide gara, hau da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko partaide.

Erabilera plana onartu berri dugu, udaleko lan harremanak eta herritarrekiko harremanak euskaraz izan daitezen bermatzeko.  Adibidez, zerbitzu kontratu berrietan euskarazko komunikazioa bermatzea eskatzen dugu, eta langileen kontratazioan hizkuntza irizpideak ezartzen ditugu. Horretaz gain, Euskara Batzordeak lanean dihardu bailararako sentsibilizazioa, ezagutza eta erabilera bultzatzeko ekintzak egiten. Argi dugu euskara Basaburuko ondarea eta ikurra dela eta zaindu eta laguntzeaz gain, udalak herritarrendako eredu izan behar duela.