Zaharrak Berri

Arrarasko berri II

Txurdan 2018ko abe. 5a, 13:16

Arrarasko herri xarmanta, Otsola aldeko bidetik ateratako fotografia.

Joan den astean Arrarasko berri ekarri genuen. Dena dela, ez genituen berri guziak eman eta gaurkoan horretan ahaleginduko gara.

Bi familia herritik joan eta berri bat etorri.

Mendizabaleko borda saldu da. Murgi aldean dago borda eder hau, mendiko txoko batean, soro zelai batzuen erdian. Ultzamar batzuk erosi dute eta laster bizitzera etortzekotan da familia osoa, senar-emazteak eta bi ume.

Ez da berri txarra familia berri bat etortzea, ez horixe! Eta gehiago orain urte gutxi etorri ziren bi familiek utzi herria eta Aizarotza joan direnean. Bat Iriarteko etxetxoan bizi zen eta bestea Etxaundiko baratzean jarri zuten Yurta batean.

 

Etxe zahar-berritze lanak

Kastenea

Bi etxeetan zahar berritze lanak egin dituzte. Alde batetik Kastenea konpontzen ari dira.

Arraratsen etxe zahar franko bazela baina orain bat gutxiago izanen da. Teilatu berria eman eta kanpotik ederki jartzen ari dira. Etxe galanta. Handia dela, esan nahi dugu. Eta ederra ere bai, jakina. Iñaki Rekondo omen da konpontzen ari dena.

 

Herrikoetxea

Herrikoetxea ere konpondu dute. Kontzejuarena den etxe hau, aspaldi zegoen hutsik. Eta utzirik, esanen nuke. Teilatua itxusurez betea… oso gaizki.

Orain teilatu berria eman diote eta ederki gelditu da.

Ostalaririk ez ote dugu topatuko? Hor nonbait, lan egin nahi duen norbait balitz, bizia aterako luke. Toki txarragoetan bizia ateratzen duenik bada. Lana aurrera ateratzeko, hori da giltza etxe honek behar lukeena.

Nolanahi gisa, zutik iraunaraztea ez da gutxi.

Orain 20 egun Arraratsa joan eta ez zela berririk esan ziguten. Zaharrak berri, hori izan zen erantzuna. Esporta bat berri izan denean, ez dela berririk?

 

Arrarastar guziei, besarkada bat Ameztitik!