Herria batzeko aitzaki aparta izan ziren Igoako pestak

Amezti.eus 2018ko ira. 13a, 10:04

Joan zen ostegunetik igandera izan zituzten herriko pestak Igoan. Bazkari eta afariak herriaren elkargune bihurtu ziren egunero, giroa sortzeko ezinbesteko baldintza.

Osteguneko suziriaren ostean, herriko hogei bat lagun ostatuan elkartu ziren pestetako lehenbiziko afarian. Ez ziren asko izan, gehienak hurrengo egunerako indarrak gordetzen ari baitziren.

Eta ostiralean bai, igoatarrek eurek prestatutako paella eta axuria probatzeko 130 bat lagun elkartu ziren pilotalekuan, eta DJ Josu izan zen bazkalostean giroa animatu zuena. Puzgarriak ere izan ziren, asteburu osoan zehar gainera, txikitxoen gogoak asetzeko adina. Ostiraleko afaria ere, igoatarrek prestatu zuten, patata tortilak eta urdaiazpikoa tomatearekin. Horrekin indarrak hartu eta DJ Josuk alaitu zuen gaua.

Larunbatean kirolera jo zuten pixka bat. Lintzoain eta Ibai Iriarte igoatarrak Andoni Ollo eta Andoni Gaskue izan zituzten aurkari eguerdian, eta amaitu eta segidan etxeetara joan ziren denak familia bazkaritan sabela betetzera. Arratsaldean zirkoa izan zen nagusi, zirko dabitxi ikuskizuna izan zen lehenbizik eta zirko tailerra gero, edonork ikas zezan. Iluntzeko eta gaueko musika Ken Bat taldeari egokitu zitzaion, baina gaua iritsi aurretik 80 bat lagun elkartu ziren afarian.

Eta igandean amaitu ziren pestak. Goiza mus jokoari eskaini zioten, eta partida batzuen ostean Silvestre Ramoneda eta Manuel Iraizotz izan ziren irabazleak. Eguerdian mahaiaren inguruan elkartu zen berriro ere herri guztia, oraingoan Igoako ostalariek prestatutako bazkari goxoa dastatzeko, eta arratsaldeko mariatxi musika Los Txamukos taldeak jarri zuen.

Eta asteburu mugitu horren ostean, astelehenean lanera batzuk eta klasera besteak!