Euskaraldia

Euskaraldia aurkeztuko dute Aizarotzen ekainaren 22an

Amezti.eus 2018ko eka. 8a, 14:06

Euskaraldia aurkeztuko dute Aizarotzen ekainaren 22an

Azaroak 23 eta abenduak 3 bitarte izanen da Euskal Herriko bazter guztietan, aldi berean. Baita gure eskualdean ere, baina horretarako antolatuko duen talde bat beharrezkoa da, herrialde bakoitzak testigua jasotzen baitu Euskaralditik, bere kabuz aurrera eramateko. Gurean bi talde sortu dira, Ultzaman, Odietan eta Atetzen bat eta Basaburua eta Imotz biltzen dituen beste bat, 8 eta 10 pertsonen artean osatutakoak. Hala ere, lan mordoa geratzen da aurretik, eta ahalik eta jende gehiago batzea eskertuko lukete. Aizarotzen aurkeztuko dituzte xehetasun guztiak ekainaren 22an.
 
Euskararen erabilera sustatzea eta zenbait ohitura aldatzea dira helburuak. "Euskaraldiak planteatzen duena paradigma berri bat sortzea da. Orain arte euskal hiztunen eta euskal militanteen gain jartzen zen euskara bultzatzeko ardura hori, bereziki umeei eskatzen zitzaien. Orain beste gauza bat planteatzen da: euskaraz ongi ez dakien hori edo euskaraz jakin baina ausartzen ez den hori bultzatu behar dugu", azpimarratzen du Edurne Koch, Basaburuko talde motorreko kideak.
 
Horretarako euskaraldian mota ezberdineko pertsonek parte hartuko dute. Alde batetik, ahobiziak egonen dira, euskara ulertu eta hitz egiten dutenak. Bestetik, eta oso garrantzitsuak, belarriprestak, euskara ulertzen dutenak bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak. "Badaude euskaltzale asko euskara maite dutenak baina ez dakitenak. Planteatzen den ariketa, horiei hurbildu eta haiekin euskaraz aritzeko baimena eskatzea da, ematen badigute, nahiz eta gero beraiek gazteleraz erantzun, jarraitu beharko diegu euskaraz hitz egiten. Orduan elkarrizketa elebidunak sortuko dira, eta ez gaude ohituta, orain automatikoki erdaraz erantzuten badigute, erdarara pasatzen gara berehala, hori da aldatu nahi dena", gehitzen du Kochek. 
 

Egutegia martxan dago, maiatzaren 12an eman zuten izena Iruñean antolatu zen jardunaldi batean eta orain aurkezteko eta jendea atxikitzeko ordua da. Ekainaren 16an Burlatan izango den prestakuntza saiora joanen dira eta 22an Aizarotzen aurkeztuko dute eskualde mailan egin nahi dutena. Azkenik, udako oporretatik bueltan, irailean, ahoprest edota belarriprest gisa izena emateko epea irekiko da.