Uztailaren 25ean Beuntzan ospatuko da Atezko Eguna

Amezti.eus 2026ko uztailaren 7a

Beuntzan ospatuko da aurten Atezko Eguna, eta egitarau ederra prestatu dute bertako herritarrek azken hilabeteetan, Irelarre elkartearekin eta Atezko Udalarekin elkarlanean. Izena emateko azken eguna uztailaren 20a izanen da, 628 294 737 telefonora deitu behar da. 

Uztailaren 25ean, larunbatarekin, goizeko 10:00etan emanen diote hasiera egunari, frontenis txapelketako finalak jokatuz. Ondoren, 12:00etan, herri kirolak eta bermuta izanen dituzte, eta segidan, bazkaria. 

Bazkalondoa akordeoiarekin girotuko dute 16:30ean, eta ondoren, 18:00etan, batukada feminista izanen da. 19:30ean musikarekin segituko dute, Destino Sonora mariatxiak emanen baitu kontzertua. Iluntzeko 21:30ean zezen suzkoa eta 22:00etan txistorra eta hirugiharra afaltzeko aukera egonen da. Beuntzako ostatuan egunean bertan afarian izena emateko aukera egonen da.  

23:00etan bingo musikatua antolatu dute, eta egunari bukaera emateko, gaueko 00:00etatik aurrera DJ Txamarra ariko da zuzenean, goizaldera arte...

Bestalde, egun osoan zehar haurrendako puzgarriak izanen dira, eta igandean, arratsaldeko 16:00etan garbiketa auzolana deitu dute. 

Bazkarirako menu aukera

Hiru menu aukera jarri dituzte antolatzaileek bazkarirako: menu arrunta (pulpo eta ganboi entsalada, otarrainxkak mahonesarekin eta pikillo piper beteak hasteko, karrilerak eta legatza bigarrenerako aukeran, eta postrea) 38 eurotan; menu begeta (letxuga, patata, tomate eta aguakate entsalada, kuiatxo beteak eta barazkiak tenpuran hasteko, espinaka lasagna bigarren, eta gazta tarta edo zanahoria tarta aukeran postrerako) 25 eurotan; eta umeentzako menua (makarroiak bolognesa erara, sanjakoboa patatekin eta txokolate tarta), 18 euroan. Uztailaren 20an bukatuko da bazkarian izena emateko epea.