Euskal Pentatloiko finaletik bi segundora gelditu da Julen Kañamares

Amezti.eus 2021ko ira. 13a, 09:48

Argazkiak Urola Kostako Hitzatik hartuak

Larunbatean jokatu da Euskal Pentatloiko laugarren edizioaren bigarren kanporaketa, Azpeitiko zezen plazan. Julen Kañamares aroztegiarra zazpigarren postuan gelditu zen; bi segundogatik, ez da finalean izanen.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a izan zen larunbateko garailea, 12:29ko denborarekin. Bigarren, Joseba Otaegi izan da (13:09); hirugarren, Iñaki Errazkin (14:38); laugarren, Aritz Irazabal (14:44); bosgarren, Julen Gabirondo (14:51); eta seigarren eta finalerako azken sailkatua, Kepa Peñagarikano (15:00). Kañamares, Zelai V.a, Amade, Otaegi, Mugertza eta Etxeberria izan ziren, hurrenez hurren, azken sei postuetan gelditu zirenak. 

15 minutu eta bi segundotan bukatu zuen lana Julen Kañamaresek. 100 kiloko bola hamar aldiz jasotzea, gizon proban 400 kiloko harriarekin plaza bat osatzea, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana moztea, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza betetzea eta lasterka kilometro bat egitea izan zen kirolari bakoitzak egin beharreko lana.

Bi segundogatik finalera sailkatzea lortu ez badu ere, lan bikaina egin du beste behin Aroztegiko kirolariak: "bai, bai, oso pozik. Asko hobetu dut baina maila ere askoz hobeagoa da eta lanean jarraitzeko ilusioarekin naiz".