AMAIA IRAIZOZ CIA

"80. hamarkadan hasi ziren Anueko Eguna antolatzen, eta horretan segitzen dugu"

Amezti.eus 2025ko abu. 6a, 10:55

Abuztuaren 1ean eta 2an Anueko Ibarreko Eguna ospatu zuten Aritzun, eta aurtengoan antolakuntza lanetan aritu den Amaia Iraizoz Cia herritarrak eman dizkigu bestaren inguruko xehetasunak. ‘Batasunaren Eguna’ izenarekin hasi ziren Anueko Eguna ospatzen 80. hamarkadan, eta geroztik bestaren izena aldatu bada ere, izanak berdintsu segitzen du gaur egun. 

Aspalditik dator Anueko Egunaren historia, ezta? 

Bai, Anueko ibarraren bestaren jatorria 80. hamarkadan dago. Garai hartan ‘Batasunaren Eguna’ deitzen zen, eta ideia zen bailarako herritarrak besta giroan elkartzea. Hala izan zen urte askoan, eta hala izaten segitzen du gaur egun ere. 2010. hamarkada hasieran izena aldatu zitzaion bestari, Anue Bailararen Eguna izatera pasatu zen, eta ordu arte beti Olaguen egiten bazuten, orduan urtero herri desberdinetara mugitzen hasi ziren. Lehenbiziko urtean Etulainen egin zen, gero Burutainen, ondoren Aritzun… zazpi herrietan ospatu izan da, txandakatuz. 

Herri batetik bestera mugitze horrek jende gehiagoren parte-hartzea ekarri al du? 

Bai, tira, nabaritzen da urte bakoitzean tokatzen den herriko jende gehiago animatzen dela parte hartzera, eta agian hurrengo urtean beste herri batean denean ez dira joanen batzuk,  baina, behintzat haien herrian tokatzen denean animatzen dira. Azkenean, herriz herri mugituz zabaldu egiten da ekimena, nolabait. 

Nola izaten da besta egunaren antolakuntza? 

Udaletxetik bultzatzen da ekimena, eta urte bakoitzean tokatzen den herriko Kontzejuaren laguntzarekin, bien artean antolatzen da guztia. 

“Aritzun ospatu den hirugarren Anueko Eguna izan da aurtengoa”

Abuztuaren 1ean eta 2an ospatu duzue aurten bailarako eguna, zer moduz joan zen? 

Oso egun polita atera zen eta erantzunarekin oso kontent gaude. Aritzun ospatu da aurten, hirugarren aldiz. Ostiralean antzerki batekin hasi ginen, txistorrada izan genuen ondoren herriko plazan, eta mus txapelketarekin amaitu genuen. Izan ere, herri arteko mus txapelketa egiten dugu urtero, herri bakoitzeko bestetan ateratzen diren bikote txapeldunekin torneo txiki bat, bailarako ordezkarien artean. Aurten Egozkuek irabazi du, eta Etsain gelditu da bigarren. Larunbatean, berriz, goizeko 10:30ean hasi zen besta artisau azokarekin. Ondoren meza, luntxa, eta Noaingo erraldoien konpartsa izan genituen, eta 12:30ean aizkora erakustaldia. Eguerdian, 190 bat lagun elkartu ginen bazkarian, eta arratsaldean Iñaki Vizcay-rekin bazkalondoa, puzgarriak, Destino Sonora mariatxiak, bokatak, DJa… denetik izan genuen!

Garraio publiko zerbitzua ere jarri zenuten, ezta? 

Bai, aurten ere, iaz bezala, autobus zerbitzua jarri genuen herriz herri. Goizeko 10:00etan eta eguerdiko 13:00etan bailarako herri guztietatik pasatu zen eta Aritzura joateko aukera zegoen, eta gero, bueltarako, 14:00etan, 22:30ean eta 3:00etan zeuden autobusak. Gazteengan eta adineko jendearengan pentsatuta jarri zen zerbitzua bereziki, izan ere, herri txikietan gidatzen ez baduzu askotan mugatua zaude, agian parte hartu nahi duzu baina ez duzu nola joan. 

Hurrengo urteko data eta tokia badakizkizue? 

Bai, zehaztuta dago honezkero. Herrien zerrenda bat egina dago eta txandakatuz goaz, hurrengo urtean Etsaini tokatuko zaio. Eta, datari dagokionez, urtero, printzipioz, abuztuko lehendabiziko asteburuan jartzen dugu. 

“Uste dut Anuen ongi eusten diogula bailarako biziari”

Biztanle gutxiko bailara da zuena, Iruñetik gertu dagoena… osasuntsu al dago bailarako bizia? 

Bai, bai, ez dut aldaketa nabarmenik ikusi azken urteetan, oraingo gazteek ere Anuen harremantzen segitzen dute, ez dut Iruñarekiko lotura handiagorik sumatzen, eta eusten diote bailarako biziari.