Urtarrilaren erdiko egun argi batean hurbildu gara Anueko ostatura, bazkalostean eta astez. Dagoeneko Ultzamako eta Anueko taldetxo bat bildu da terrazan, kafea hartzeko. Beste batzuk barruan daude oraindik, bazkaltzez ez dute bukatu. Egia esan, aspaldi ez genuela horrelako giroa sumatzen Olaguen.
Berpizkunde horren atzean Bittori Macías Cía eta Domi Cía Oteiza lehengusinak daude. Abuztuan hartu zuten Anueko ostatua. Nahiz eta buruan ez izan, bat-bateko erabakia izan zen. Bittori Macías Cía: “Ni ondoko etxean bizi naiz eta aukera atera zen...”. Cía Oteizak, ordea, barre artean, bera lehengusinak nahastu zuela esaten digu.
Egunero ikasten
Bittori Macías Olaguen bizi da eta urte asko eman ditu ostalaritzan: “17 urterekin hasi nintzen eta orain 47 ditut, atera kontuak! (barreak). Baina beti beste batendako lanean aritu izan naiz, hau berria da biondako”.
Domi Cía Oteiza, berriz, ultzamarra da, Lizasokoa: “Berria eta eromen handia! (barreak). Ni ere ostalaritzan aritu naizenean beste norbaitendako egin dut lan. Baina, gainera, oso aspaldi izan zen hori”, Bittori Macías barran eta zerbitzatzen aritzen den bitartean, sukaldeaz arduratzen da Cía Oteiza, gaztetan zerbitzari gisa lan egin bazuen ere, gerora, gehienetan sukalde laguntzaile aritu baita.
“Hiri handi batean baino harreman estuagoak egiten dira hemen”
Onartzen digutenez erronka handia izan da biondako. Hasieratik, herriaren erantzuna sekulakoa izan da, eta lan handia izan dute. “Ez dauka zerikusirik beste norbaitendako edo zuretzako lan egiteak, etxera eramaten dituzu gauza asko. Hau ongi egin dut edo ez... Pixkanaka goaz hasieratik gogor hasi ginelako, lan handia izan dugu. Biak bakarrik hasi ginen, baina orain langileak ere baditugu”.
Erronkak badu saririk
Izurrite garaian hartutako herri txiki bateko ostatuak baditu oztopoak, baina baita sariak ere. Bittori Macías Cía: “Ongi egiten duzunean, poztasuna handia da. Duela gutxi erretiratuen bazkari bat izan genuen, Tafallatik etorritako 90 pertsonarekin, bailarako mutil baten bitartez. Besarkadak eta muxuak ere jaso genituen, dena oso ona zegoela esan ziguten. Gero ahoz aho zabaldu dute, eta etorri zaigu jende gehiago. Niri horrek konpentsatzen nau”. Bailarak, herriak eta eskualdeak ere oso ongi erantzun du, eta lehengusina Ultzamakoa izanik, bertatik ere etortzen dira asko.
Domi Cía Oteiza: “Eta jendea ezagutzea oso polita da, ateratzen zara eta denok agurtzen dituzu, haiek ere zurekin hitz egiten dute. Hiri handi batean baino harreman estuagoak egiten dira. Eta gero gainera elkarren artean asko laguntzen diogu, okinak adibidez asko laguntzen digu, edozein ordutan deituta ere ogia ekartzen dizu...”. Ostatukoek ere, bertakoei erosten dizkiete produktuak: arrautzak, gazta eta bestelakoak. Domi Cía Oteiza: “Elkarri lagundu behar diogu!”.
Anueko Ostatuko eskaintza
Menuak: Eguneko eta asteburuko menua
Afaltzeko: hainbat proposamen, aldatzen doazenak.
Plater konbinatuak eta hanburgesak, dena etxekoa.
Ostegunetan: Juepintxoa.