-Noiz hasi zinen mendi lasterketekin eta nondik nora iritsi zinen mundu horretara?
11-12 urte dira lasterka hasi nintzela. Lehen mendiko bizikletan aritzen nintzen, baina poliki-poliki mendira korrika edo oinez joaten hasi nintzen, eta gustua hartu nion. Garai horretan hasi ziren mendiko lasterketak ere ezagunago egiten, Nafarroan, Pirinioetan, Alpeetan... atentzioa ematen zidaten, eta duela hamar urte egin nuen lehen lasterketa, Ezkabakoa, 30 kilometrokoa. Hortik aurrera lasterketa gehiagotan eta distantzia handiagokoetan hasi nintzen: Guarakoa egin nuen urte hartan ia 100 kilometrotakoa. Eta nahiko ongi moldatu naiz beti distantzia luzeetako lasterketetan.
-Gorputza distantzia luzeagoetara pixkanaka ohitzen joan beharko da, ezta?
Bai, hori da. Pixkanaka bazoaz ikusten non sentitzen zaren erosoago, eta poliki-poliki gorputza ere egokitzen joaten da. Denbora bat horretan daramazunean jada gorputza ohitu egiten da eta nahiko ongi moldatzen da. Batzuetan badirudi distantzia luzea izanagatik gogorregia dela, baina gorputza egokitu egiten da eta ongi darama.
-Azken urteetan geroz eta mendi lasterketa gehiago egiten dira gure inguruan. Zer du kirol honek berezia?
Gauza asko ditu, baina batez ere sinpletasuna: ez duzu ezer berezirik behar, zapatila batzuk edukitzearekin nahikoa da. Gainera, inguru hauetan mendiak etxetik hurbil ditugu, eta ez dugu desplazamendu handirik egin behar. Horrez gain, ariketa atletiko bat da, baina aldi berean mendian egiten dena, eta hor erakargarritasun asko elkartzen dira: mendian egotea, paisaiak, ariketa fisikoak dakartzan onurak eta sentsazio onak...
-Ze lasterketatan hartu izan duzu parte, gurean nahiz kanpoan?
Urtean lauzpabost lasterketa egiten ditut eta ongi aukeratzea gustatzen zait: lekua erakargarria delako, zonaldea polita delako –eta ezagutzen ez badut oraindik hobe–, eta kirol aldetik maila ona egotea ere garrantzitsua da. Egin ditudan lasterketa gogorrenen artean dago Mont Blanc-eko lasterketa ezaguna, bi aldiz egin dudana: 170 kilometro dira, ultratrail munduan dagoen ezagunena, eta 2.500 lasterkarik hartzen dute parte, munduko onenak. Hori da potenteena, agian. Baina hemen inguruan ere asko egiten ditut, Pirinioetan eta. Iaz, adibidez, Sobrarbeko bailaran egin nuen lasterketa bat, irabaztea lortu nuen eta oroitzapen oso ona dut.
-Nola entrenatzen duzu?
Bakarrik entrenatzen dut azken aldean, oso goiztiar aritzen naiz: goizeko 6etan ateratzen naiz etxetik. Etxeko martxa dela, familia dela, lana dela... bizitzako momentu honetan ez dut goiz pasak edo egun pasak egiteko aukera handirik. Horregatik antolatzen naiz nire kasa. Hori bai, mendira irteten naiz beti, ez naiz oso asfalto zalea ni.