Bero handiarekin eta giro ezin hobean ospatu dute 2018ko Anueko eguna Egozkuen

Xabi Aleman 2018ko abu. 8a, 09:22

Ostirala eta larunbatean, Egozkuen ospatu zuten Anueko eguna bailarako bizilagunek. Bero handia eta giro bikaina izan zuten bi egunetan. Egozkuen bi egun horietan izandakoa kontatzeko Xabi Alemanek idatzi bat bidali digu, Irantzu Irisarrik egindako argazki galeriarekin batera.

-

Abuztuaren 3an, ostirala, arratsaldez Anueko dantzariak aritu ziren eta emanaldi polit bat eskaini zuten hurbildutako jende guziari.

-
Ondoren sabela pixka bat betetzeko, merendu goxo bat izan zen: xingarra, txistorra, gazta….denen gusturako.
Eta bukatzeko mus finalak jokatu ziren eta Etulaingo bikoteak irabazi zuen. Bigarrenak berriz, Etsaingo herriaren izenean aritutakoak suertatu ziren.

-
Abuztuaren 4an, larunbata, goizean bertako eta bertze herrietatik hurbildutako hainbat artisauek merkatu ttiki bat osatu zuten, hurbildutako guztieri beraien produktuak erosteko aukera emanez.

-
Meza ondoren herriak prestatutako aperitiboa eskaini zen. Haurrak jostatzeko puzgarriak, “barredora” eta “salting” izan ziren. Arratsaldez berriz, kiliki txikiak herrian zehar ibili ziren bata eta bestea harrapatzen.
Eguerdian bestaren ikuskizun nagusiena burutu zen. Bi talderen arteko herri kirol lehiaketa. Aritzu eta Etsaingoak alde batetik eta Egozkueko “gazte”sorta bat beste aldetik. Nahiz eta lehia oso parekatua eta borrokatua izan, azkenean Aritzuko partaideek oso gogor aritu ondoren garaipena eraman zuten, ZORIONAK!! Aipatzekoa, nola ez, Egozkueko partaideen lan bikaina eta zoriondu bi taldeen artean egindako joko garbia.

-
Herri kirola eta gero bazkari herrikoiaren txanda izan zen. 200 lagun pasa elkartu ziren karparen barnean eguzkitik babesteko. Giro ezin hobean Zubillagak prestatutako platerekin gozatu zuen. Bazkal ostean Puro Relajo taldeak alaitu zuen arratsaldea. Hauen emanaldian ikusle batzuen “aktuazio berezi” batzuk ikusi ahal izan ziren.

-
Arratseko partean berriz, mus eta herri kiroletako sari banaketak izan ziren. Ondoren 120 lagun inguru elkartu ziren afaltzeko berriz ere Zubillagaren eskutik. Afaldu eta gero DJ Futurarekin goizeko 6ak arte amaitu zen aurtengo Anueko Eguna.

-
Eskerrik asko parte hartu zenuten guztiei, Anueko Udalari eta Egozkueko Herriari.