Etxebizitzaren egoeraz hitz egiteko, azaroaren 11ko greba orokorrean eginen diren aldarrikapenak azaltzeko eta mobilizaziorako beharraz hausnartzeko hitzaldia izanen da.
-
Azaroaren 11ko grebak hiru aldarrikapen nagusi ditu. Lehenengoa, etxebizitzaren espekulazioa debekatzea.
Sistema kapitalistan etxebizitza merkantzia bat den heinean saldu daiteke eta erosi daiteke orduan eskubidea duzu baina erosteko gaitasuna baduzu. Dirua duenak etxebizitza eduki dezake eta gainera negozioa ere egin dezake hortik. Dirurik ez daukanarendako, ordea, pobretzeko mekanismo bat da. Orduan esango genuke baietz espekulazioa debekatu behar dela eta oso aldarrikapen garrantzitsua dela. Horrekin esan nahi du negozioa debekatu behar dela. Kalitatezko etxebizitza denok edukitzea eskubide bat baldin bada, bermatu behar da mundu guztiak sarbidea izatea eta horretarako nahitanahiezkoa da negoziorik ez egin ahal izatea etxebizitzarekin.
-
Bigarrena eta aurrekoarekin lotuta, espekulatzaileak espropiatzea.
Aurreko aldarrikapenarekin erabat lotuta, izan ere, gaur egun badakigu jendea existitzen dela etxerik gabe edo emantzipatzeko zailtasun izugarriarekin, batez ere gazteak eta horren soluzio berehalako bezala planteatzen dugu espropiazioa. Izan putre funtseak, izan higiezinen enpresak, izan pisu turistikoak, Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ordaindu gabe espropiatzea (kalte ordainik gabe), ez du balio Estatutik erostea, azkenean langileen dirua erabiliz. Ez du balio espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzea. Aurreko astean datu bat ikusi nuen: Hego Euskal Herrian jabe handiek 50.000 etxebizitza bideratzen dituzte negoziora eta gainera 100.000 etxebizitza hutsi daude. Zifrak izugarrizkoak dira eta erakusten dute berehala konpondu litekeela eta etxegabetuei soluzio bat ematea.
"Hego Euskal Herrian jabe handiek 50.000 etxebizitza bideratzen dituzte negoziora eta gainera 100.000 etxebizitza hutsi daude"
-
Eta, hirugarrena, etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea? Zer esan nahi du horrek?
Badakigu gaitasuna dagoela ikusteko zer behar existitzen den herrietan, zer behar daukan jendeak. Hau edozein beharrendako balio dezake. Baina etxebizitzari dagokionez, etxebizitza bermatzeko beharren arabera nahitanahiez planifikatu behar da. Ez du balio gaur egun existitzen den eredua: ahalik eta pelotazo handiena bilatzea eraikuntza enpresendako, hainbat banketxentzako eta horen arabera egitea. Dirua emanen badu eraikiko da eta bestela ez, hori da gaur egungo eredua. Gure eredua izanen litzateke behar sozialak zein diren, zenbat etxebizitza behar diren, ikusi eta horren arabera planifikatu. Lehen esandakoarekin lotuta lehendabizi espropiatu, dagoena behar bezala banatu eta ondoren izanen litzateke pausu hori, behar sozialen arabera planifikatzeko.
-
Zer esan dezakezu etxebizitzaren egoeraz, zein da egoera?
Etxebizitzaren gaur egungo egoera ulertzeko krisi garaian gaudela kontuan hartzea ezinbestekoa da. Batetik, bizitza garestitzen ari da eta soldatak berdin edo antzeko mantentzen dira. Europan etxebizitzaren prezioak maximo historikoan daude eta Euskal Herria ez da horretaz salbatzen. Nafarroan alokairuari dagokionez %70 garestitu da azken urteetan eta EAEn %60. Salmenta prezioei dagokionez ere, bataz beste %60 igo da. Orduan, langile klaseko pertsonen soldataren ehuneko geroz eta handiagoa bideratu behar da etxebizitzara eta hori arazo bat da. Etxebizitzaren auzi honek langile klasea zuzenean pobretzera eramaten gaitu. Euskal Herrian 3.000 pertsona daude etxe gabe eta aterpetxeetan eta antzekoetan 5.000. Beste datu esanguratsu bat da azken kurtso honetan hiru etxegabetze egon direla eguneko. Aurretik esan bezala, etxeak badaude baina arazoa negozioa da, etxe horiekin egiten den negozioa.
"Nafarroan alokairuari dagokionez %70 garestitu da azken urteetan"
-
Landa eremuak ba al ditu bere bereizgarriak? Arazo propioak?
Landa eremuaren eta hiriburuen arteko aldean jarri behar da arreta. Kapitalismoari berezko zaio landa eremutik geroz eta jende gehiago zentralizatzen joatea hiriburuetan. Bertan zentralizatzen dira inbertsio handienak eta zerbitzuak. Beraz, alde batetik, gure inguruko herri txikietan despopulazio arazo bat existitzen da. Gainera, etxeen tamainarengatik ere mantenimendu garrantzitsu bat behar dute eta jendeak batzuetan ez du gaitasunik hain etxe handiak bizigarri jartzeko. Eta, bestetik harritu ninduen zenbaterainoko etxe huts kantitatea dagoen herri gehienetan. Ni Leitzakoa naiz eta bertako datua dakit: osotara dauden 1.400 etxeetatik %9tik gora hutsik daude. Hau da, 135 etxe huts daude momentu honetan Leitzan, orduan ikusi daiteke landa eremuan ere orain arte aipatu ditugun arazo antzekoak daudela. Funts putre bat ez da egongo, ez dago, baina beste modu batera egiten da negozioa, horrelako herrietan.
-
Hasierako aldarri horiek egiteko greba orokorra deitu da asteazkenean. Lantegiak hustea izanen da helburuetako bat. Nolako eguna aurreikusten duzu? Eskualdeko eragile asko atxikitu dira.
Greba egunari begira eskualdean lanean ibili gara hainbat norbanako eta eragileetako kideak azken aste hauetan. Oraingo lanak emanen ditu geroko fruituak. Helburua, noski, Euskal Herria gelditzea da eta aldi berean etxebizitzaren gaiak zentralitatea hartzea, hausnartzea eta mobilizatzen jarraitzea. Egun horretarako goizean egitarau diferenteak egonen dira Leitzan, Araitzen, Basaburuan eta Lekunberrin. Eta arratsaldean mobilizazioak egonen dira Leitzan eta Araitz-Betelun ere, 18:00etan.
-
Zergatik uste duzue garrantzitsua dela mobilizatzea?
Edozein eskubide antolatuta eta mobilizatuta eskuratzen da eta hemen ere berdin. Gure herrietan lehen esan bezala funts putreak ez dauden arren hemen negozioa berdin egiten da eta lehenbailehen antolatzen hastea orain arte egindako lana guztiari meritua kendu gabe, noski. Presio mekanismoa izan liteke eta betiere arazoa duen edozeinek jo dezake guregana. Hemen arazoak ez dira indibidualak eta ez dago besterik, antolatzea eta mobilizatzea. Eskubideak lortu nahi badira ez dago beste interbinderik.
-
Baina, borroka ez da inoiz greba egunean amaitzen, eta hau ere ez da kasua izanen ezta? Greba ondoren zer? Zer egin daiteke borrokan jarraitzeko?
Greba egun batek mobilizazioa areagotzeko balio du eta ez doa inora ez badu jarraipenik eta egun horretako haserre guzti hori ez badu balio gero antolakuntza hori areagotzeko. Eskualdean edozein gonbidatzen dut antolatzen hastera berari gehien gustatzen zaion arloan. Kontrara, ez baldin bagoaz aurrera despolitizazioa eta eskubide murrizketak ere uste baino lehenago etortzen dira. Gure esku dago, greba eguna aprobetxatu eta olatu hori handitzen jarraitzera.
-
Testuinguru berezi batean datorren greba da, hauteskunde prozesu baten erdian. Nola eragiten dio?
Esan daiteke ez dela kasualitatea, hor badaude interes elektoral batzuk. Nire ustez ikusi dezakegu edozein alderdik eskuinetik ezkerrera denek dituztela hitz politak, bakoitzaren promesak irakurrita mundua denekin konponduko dela ematen du. Honekin lotuta, gaur egungo egoera gordina dago. Kolore guztietako udaletan, neurri ezberdinetan bada ere, etxegabetzeak eman dira eta ez da ematen grebako hiru aldarrikapenen aplikazioa. Alderdiak saiatuko dira bakoitzak bere kanpaina egiten baina guri dagokigu gurera joatea, aldarrikapenetan zentratzea, antolakuntza independiente hori hauspotzea, herriz herri eta egunez egun.
