A11 Greba Orokorra

Azaroaren 11n etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko greba orokorra

Amezti.eus

Gure eskualdeko zati bat Mendialdeko greba komitean antolatu da eta gaur, 19:00etan, grebara atxikitu diren eragileekin agerraldia eginen dute Leitzako plazan. Gainera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hitzaldia eskainiko du bihar Aizarotzen, 18:00etan.

Basaburuan hainbat eragile atxikitu dira asteazkeneko azaroaren 11ko greba orokorrera: Basandereak Emakume Taldea, Basaburuko Bilgune Feminista, Esan Erran irratia eta Ultzama eta Larraungo AEKko irakasleak. Baina Mendialde zabaleko eragile gehiago ere izan dira, tartean Ernai Mailoaldea, Mendialdeko GKS eta Kontseilu Sozialista, Jardun Koordinadora, Leitzeko Atekabeltz Gaztetxe eta Herrigunea eta Torrespapel lantegiko LAB eta ELA sindikatuak, beste askoren artean. Gaur, 19:00etan agerraldia eginen dute Leitzako plazan, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean.

Asteazkeneko greba orokorrean hiru dira aldarrikapen nagusiak, zabaldu duten oharrean adierazten duten bezala:

  1. Espekulatzaileen espropiazioa
  2. Jardun espekulatiboaren debekua
  3. Etxebizitzaren planifikazioa eta antolaketa justua, langileriaren beharren araberakoa

"Etxebizitza bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia etxebizitzarekin egiten den negozioa da". Eta langileon pobretzearen kontra, soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan ere mobilizatuko direla gehitu dute.

Etxebizitza sindikatu sozialistek, Etxebizitza sindikatuen sareak eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak (Labek, Elak, ESKak, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk) deituriko greba orokorra izanen da azaroaren 11koa. Nafarroa Garaian, Iruñean 12:30ean eta eskualdeetan arratsaldeko 18:00etan izanen dira manifestazioak. Gure eskualdearen kasuan, Leitzan. Greba komitea eguneko ekimenak ixten ari da baina goizeko 9:00etan hasiko dira gosari batekin Leitzan, eta ondoren, kotxe karabanaz Lekunberriko kontzentrara hurbilduko dira Iruñera joan aurretik.