Gaztaina jardunaldien eta azokaren hirugarren edizioa izanen da igandera bitartean. Jardunaldi teknikoekin hasi da egitaraua, gaur, 9:00etako hitzaldiarekin. Orduan gaztainadien berreskurapenari buruzko teoria eta datuak azaldu dira, eta, arratsaldean, Etxalekura bisita antolatu da berreskuratutako gaztainadi horietako bat ezagutzeko eta ikasitakoa praktikara eramanda ikusteko.
Baina egitaraua asteburu osoan luzatuko da. Bihar, 12:00etan, Txondor plaza antzezalana ikusteko aukera izanen da, hau ere Jauntsaratsen, Txokolatero atzeko oihanean. Argimalutak konpainiak sortutako antzezlana da Txondor plaza. "Landa antzerkia" gisa deskribatzen dute txondorra eta ikatzaren ofizioa eta tradizioa balorean jartzen duen ikuskizuna baita.
Bukatzeko, igandearekin batera, azaroaren 1a, azokaren txanda izanen da. 10:00etatik 14:30ak bitartean saskigileak, gaztaina produktuen eta landareen salmenta, txertaketa tailerra, zurezko jolasak eta hainbat eta hainbat ekimen izanen dira Jauntsaratsen. Gaztainondoaren kulturaren eta jardueraren garrantzia nabarmentzea da ekimenaren helburua.
