Kuadriketa, kuadrillen arteko txapelketa, Ultzaman

Amezti.eus

Nafarroako Gobernuak, Cederna Garalurrek eta bestelako erakundeek, Ultzamako Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimena da Kuadriketa. Umorea eta jolasaren bitartez herri kohesioa eta ondarea bultzatzea du helburu.

Azkoienen eta Lodosan dagoeneko egin dute eta orain Ultzamaren eta Artaxoaren txanda dira, urriaren 3an eginen baita bi herrietan. Umorea eta buru-argitasuna uztatzen dituen probak egin beharko dituzte. Tokiko ondare, landa-trebetasun, jarduera artistiko eta bestelako dinamiken inguruko erronken bitartez. Belaunaldi eta kulturen arteko bizikidetza sustatzea ere izanen da helburuetako bat.

Ultzaman, txapelketa herriz herri antolatuko da, hau da, herri bakoitzak bere kuadrilla osatu ahal izango du, edo inguruko herriekin elkartu, elkarrekin lehiatzeko. Parte hartzea doakoa da eta, probak amaitzean, Ultzamako Udalak luntx bat eskainiko du. Larunbatean, urriaren 3an, izanen da 18:00etatik 20:30ak arte. 

Izena emateko eta informazio guztia: kuadriketa.org eta Cederna Garalurren webgunean. Baita Ultzamako Udalaren kanaletan ere. Ekimena RuralNav-ek bultzatzen du, 2024tik landa eremuko erronka nagusietako bati, despopulazioari, aurre egiteko ekintzak garatzen dituen lankidetza proiektuak. Rural Nav Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek sustatzen dute: Cederna Garalurrek, EDER Partzuergoak, TEDER Elkarteak eta Erdialdeko Partzuergoak, eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak finantzatzen du.