BDZko hiru kideek, sei hilabeteko espetxe zigorra, Palestinaren aldeko margoketengatik

Amezti.eus

Astelehenean Iruñeko epaitegietan deklaratzera deituak izan dira eta sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dute. Hiru ekintzaileen artean Txuri Ollo Esan Erran irratiko kolaboratzailea dago. 

Boikot Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) kanpainaren aldeko kideak dira, bi emakume eta gizon bat, 2025eko martxoan atxilotuak izan zirenak, haien artean Txuri Ollo Egun Ero irratsaioko Internazionalismo ataleko kolaboratzailea. Sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dute, baina fiskaltzak urtebeteko zigorra ere eskatzen zuen. Iruñeko epaitegietan, 12:45ean eta "Genozidioa salatzea ez da delitua" lelopean hamarnaka herritar babestu dituzte ekintzaileak.

Hiru ekintzaileak 2025eko martxoan atxilotu zituzten Iruñean eta San Frantzisko plazako komunetan eta San Saturnino elizako kanpo pareta batean margoketak egiteagatik. Margoketek Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen zuten. BDZtik oroitarazi dutenez hauek garbitzeak 405 euroko kostua besterik ez du izan Administrazioarendako eta instituzioek erabiltzen duten neurgailu ezberdina ere salatu du Txuri Ollok, Esan Erran irratiko kolaboratzaileak, epaitegira sartu baino lehen: "Badirudi garrantzitsuagoa dela gure zenbait pareta garbi mantentzea Israelek Palestinan egiten duen garbiketa etnikoa gelditzea baino. Paretak garbitu ditzakegu baina hildakoak inork ez ditu berpiztuko". Zigorraren desproportzionaltasuna ere salatu nahi izan dute eta instituzioen hipokresia eta genozidioarekin duten konplizitatea: "Bidegabekeriei bide baketsuetatik erantzun diegu. Nazioarteko legea defendatzen ari gara. Nolako autoritate legal eta politikoa du auzitegi honek gure ekintzak epaitzeko, beren betebehar nagusia bete ez dutenean. Estatu honek eta erakunde hauek gizateriaren aurkako krimenak egiten dituzte, egiten ari dira eta konplize bihurtzen gaituzte denok. Hipokresia instituzionala deitzen diogu honi".

BDZko kideek margoketak egitea onartu dute, baina desobedientzia zibila defendatu nahi izan dute epaitegitik kanpo ere: "Estatuaren terrorismoari emandako erantzuna legitimoa da, justizia hau ez da bidezkoa, sistema hau ez dugu gure obedientziarekin sostengatu nahi. Botere gehiegikeria, bidegabekeria salatzen ari gara, desobedientzia zibila beharrezkoa da eta elkartasuna ez da delitua. Krimena milioika pertsona gosetera kondenatzea da, delitua ez da horren aurka borrokatzea. Historiaren norabidea aldatu nahi dugu, politikatik. Hiltzeko boterea da gaurko legea eta ez dugu onartzen. Urtebeteko kartzela eta aurrekari penalak izatea egindakoaren kondena proportzionala al da? Edo zigor eredugarriak jartzea da helburua? Isilarazteko, elkartasuna Palestinarekin geldiarazteko". Ahotsak jaso ditu irudiak eta adierazpenak, eta hemen ikusi dezakezue osorik: https://ahotsa.info/albisteak/bdzko-hiru-kideen-agerraldia-epaitegietan-fiskaltzak-urtebete-eskatu-du-pintada-batzuengatik/