Boikot Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) kanpainaren aldeko kideak dira, bi emakume eta gizon bat, martxoan atxilotuak izan zirenak, haien artean Txuri Ollo Egun Ero irratsaioko Internazionalismo ataleko kolaboratzailea. Urtebeteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak eta baita zigor ekonomikoak ere, Iruñeko Udalaren eta Artzapezpikuaren kalte ordainak aitzaki. Horregatik, hiru ekintzaileak babesteko deialdia zabaldu da, astelehenean, Iruñeko epaitegietan, 12:45ean eta "Genozidioa salatzea ez da delitua" lelopean.

Hiru ekintzaileak martxoan atxilotu zituzten Iruñean eta San Frantzisko plazako komunetan eta San Saturnino elizako kanpo pareta batean margoketak egitea egozten zaie. Agertutako margoketek Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen zuten. BDZtik oroitarazi dutenez margoketen garbitzeak 405 euroko kostua besterik ez du izan Administrazioarendako. Instituzioek erabiltzen duten neurgailu ezberdina ere salatzen dute: "Justizia hau begibakarra da, begi bakar batetik ikusten duelako, eskuineko begitik hain zuzen. Spray batzuk arma suntsitzaileak iruditzen zaizkio eta eskuetan dituztenak pertsona arriskutsuak. Gure auzokide Saenzek esan duen bezala ez da batere bidezkoa margoketa batzuengandik urtebeteko kartzela zigorra eskatzea, haien garbitzeak 405 euroko kostua besterik ez dutenean izan". Txuri Ollok, Esan Erran irratiko kolaboratzaileak eta Egun Ero irratsaioko Internazionalismo atalaren arduradunak, egunkarietara bidalitako gutunean adierazi du.

Gutun horretan, instituzioek genozidioarekin duten harremana eta haien kolaborazioa ere salatu du, ekintzaileen kontrako errepresioa aurrera eramaten duen bitartean: "Eraikinak baino garrantzitsuagoa dira Palestinan erail dituzten milaka eta milaka pertsonak. Oraindik ere hiltzen ari dira askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren eskubideen alde lan egiteagatik. Elkartasuna ez da delitua. Genozidioa salatzea ez da delitua. Zapalduekin eta zaurgarriekin dugun elkartasuna gure oinarri nagusienetakoa da".
"Eraikinak baino garrantzitsuagoa dira Palestinan erail dituzten milaka eta milaka pertsonak"
Oharrean gogorarazi dutenez Palestinaren aldeko elkartasun keinuak kriminalizatuak izan dira mundu zabalean: "Inglaterran ehundaka pertsona atxilotuak eta kartzeleratuak izan dira. Estatu Batuak James Chambers ekintzailearen estradizioa eskatzen ari da, Palestinaren aldeko babes publikoa erakusteagatik eta uztailaren 10ean Espainian atxilotua izan zena. Gertuago, Euskal Herrian, 2025eko Vuelta Ciclistako kasua dugu: zazpi auziperatu ditugu eta 30 pertsona baino gehiago zigortuak".