Alkozko bestetan antolatutako apustua izan da. Abuztuaren 30ean, 18:00etan hasi zen hiru bikoteren arteko lehia eta ikustera hurbildu zen herritar jendetzaren aurrean, Alkozko plazan.

Lokotxak, txingak, trontza, ingudea, zakua eta aizkora ziren egin beharreko probak eta lehenbizikoak hasi ziren, lehenengo bost probetan, Xabier Altuna eta Lander Landiribar, atzetik utzi zituztela Aritz Olague eta Julen Sarasa. Beraz, ondoren garaileak izanen zirenak hasi ziren azkenak, hiru minutuko aldearekin, Xabier Altunak azaldu digunez. Hala eta guztiz ere, aizkoran haiek baina hiru minutu lehenago bukatu zuten Orein Mondragon eta Asier Ezkurra txapeldunek.

Esan bezala, giro ederrean eta ikusle askoren aurrean egin zen apustua eta alde horretatik oso pozik agertu dira antolatzaileak eta parte hartzaileak. Sustoa ere izan zuten, ordea. Izan ere, aizkoraren amaieran, irrist egin zion Julen Sarasari, oinaren hatz lodian ebaki txiki bat eginez, Altunak kontatu digun bezala: "Disgusto handiarekin baina ongi dago. Nork daki, hori gertatu ez balitz agian gure aurretik geratuko ziren nik ez bainuen batere asmatu aizkorarekin".

Apustu berri honen txinparta Zenotzen sortu zen, hain zuzen Aritz Olague eta Orein Mondragonen arteko apustuaren ondoren. Alkoztik proposamena ailegatu zitzaion Olagueri, Mondragonen kontrako errebantxa egiteko. Baina Zenozko bestetako apustutik oso gertu zegoela iruditu zitzaien eta beste zerbait egitea pentsatu zuten. Entrenatzen parte hartzaileetako batzuek topo egin zuten eta seiren artean, bikoteka, egitea erabaki zuten.