Elkarrizketa

Kirol errezetak bi ikasturte egin ditu eta, aurten ere, harrera bikaina izan du

Amezti.eus 2026ko uztailaren 6a

Kirol Errezetan parte hartu dutenen talde argazkia

Aurten 26 pertsona baino gehiagok parte hartu du 60 urtetik gorako edo osasun arazoren bat dutenei zuzendua dagoen Kirol Errezetan. Hurrengo edizioan izen eman nahi duenak honezkero jarri daiteke Osasun Etxearekin harremanetan. Gainera, hari beretik jarraitu nahi duen programa berri bat jarriko du martxan Ultzamaldeko Kirol Mankomunitateak. 

Bi urteko iraupena duen Kirol Errezeta programaren bigarren ikasturtea amaitu berri da eta Ultzamaldeko Kirol Mankomunitatean balantzea egin dute. Oso pozik daude emaitzekin, baita erabiltzaileak ere. Hamar hasi ziren joan zen ikasturtean, 2024ko urrian, eta aurten 26 baino gehiago izatera iritsi dira. Aitor Alduntzin da mankomunitatearen arduraduna eta berarekin hitz egin dugu programaz eta beste jarduerei buruz.

 

Kirol errezeta

 

  • Zenbatek parte hartu dute?

Aurten aldi berean 26 pertsona izatera iritsi gara, inkribatuen altak eta bajak kontutan harturik. Lehenengo ikasturtean hamar izan ziren osotara. Beraz kopuru potoloa da, bai. Gorakada ona. Lehenengoa urritik maiatza bukaerara arte izan zen eta aurten, urrian hasi baina ekaina amaiera arte luzatu dugu. 

 

 

  • Gogoratuko al dugu zer den kirol errezeta?

Larraintzarko gimnasio berriaren sorrerarekin programa sortzeko aukera ikusi genuen, une oso aproposa zela. Nik aurretik Uharten (Iruñerria) egin nuen lan eta han martxan zen. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako programa da eta gimnasia, malgutasuna, indar ariketa eta ariketa kardiobaskularrak konbinatuz, kirol ikasketak dituen monitore edo begirale batekin astean bitan saio batzuk egiten dira. Helburua emaitzak hobetzea da eta test edo azterketa batzuen arabera neurtzen da hori. Test horiek ikasturte hasieran eta amaieran pasatzen dira. Beste helburu batzuk ere badira: adineko jendeak sozializatzea, biztanle sakabanaketa handiagoa den Ultzamaldean bereziki garrantzitsua, denetarako kotxea behar denean etxean gelditzeko joera handiagoa da eta aukeratu ez den bakardadea gehiago eman daiteke. Orduan hori ere helburu garrantzitsua da. Zerbitzu hauek garestiak izaten dira epe luzera, horregatik, Nafarroako Gobernuko diru laguntza hori baliagarria da, 100 euroko kostua izan dezakeen zerbitzuak hilabetean 8 euroren truke jasotzen dutelako. Beharrezkoa dugu eta oso ongi ateratzen ari da.

 

  • Zuek pozik eta erabiltzaileak ere bai?

Oso pozik daude. Ongi egiten diela ikusten dute eta esan dizut bezala, ez bakarrik arlo fisikoan. Etortzea ongi egiten die eta beharrezkoa ikusten dute.

 

  • 26 erabiltzaile zenbatu dituzue, denek jarraitu dute?

Bai, gehien gehienek jarraitu dute. Baten batek baja eman behar izan du baina bestela, gehiengoak jarraitu du. 17rekin hasi ginen eta ikasturtean zehar gehiago batu dira eta 26 horiekin bukatu dugu. Tartean batzuek baja eman dute, orduan momenturen batean gehiago ere izan gara. Baina 26 horiek kontatu ditzakegu, jarraipena izan dutenak.

 

Ez gaude guztiz ados (bi urteko iraupenarekin). Ultzaman (biztanle sakabanaketarengatik) arriskuan dauden pertsona horiek gehiago bultzatu behar dituzu. Buelta batzuk eman dizkiogu eta 60 urtetik gorakoendako programa berri batekin hasiko gara”

 

  • Nola ematen da izena eta nola da prozesua?

Bi pausu ditu. Lehenengoa Osasun Etxea da, izena eman nahi duena bertara joan behar da ikusteko programa honetarako egokia den. Arazo kardiobaskularrak dituela, 60 urtetik gora dituela, patologia psikosozialen bat duela, bakardade egoeran dagoela, obesitate arazoak dituela, adibidez. Behin hori identifikatua Osasun Etxean diagnostikoa egin eta Kirol Errezeta programan sartzeko dagoela adierazten dute. Horrekin, mankomunitatera joan eta inskripzio orri bat bete behar da. Ondoren, gu geu harremanetan jartzen gara pertsona hauekin, ikusteko zein taldetan sartu eta programa antolatzeko. Zalantzarik duenak lasai deitu dezake eta azalduko zaio. Hurrengo ikasturteari begira izena eman daiteke honezkero. Baina esan behar da programa honen baldintzetako bat dela bi urteko iraupena. Hau da, erabiltzaileek ez dezaten pentsatu beraiek nahi duten arte parte hartu dezaketela. Bi ikasturteko iraupena du eta beraz hasieran sartu ziren hamar pertsona horiek aurten programatik atera beharko ditugu. Nafarroako Gobernuko xedeetako bat pertsona hauek autonomia lortzea delako, pertsona hori bere kasa gimnasiora joatea, alegia, eta aretoko teknikariarekin ariketa taula bat osatzea eta bere kasa ariketa horiek egin ahal izatea ikuskapen hain zehatzik gabe. Gu, alde horretatik, ez gaude guztiz-guztiz ados Nafarroako Gobernuko ikuspuntu horrekin, Ultzama bezalako eskualde batean zaila delako, lehen aipatutako sakabanaketarengatik. Bakardade arriskuan dauden pertsona horiek gehiago bultzatu behar dituzu saio hauetara etortzeko. Orduan, buelta batzuk eman dizkiogu eta 60 urtetik gorakoendako diru-laguntza bat aurkitu dugu eta programa berri batekin hasiko gara datorren ikasturtean.

 

  • Programa horretara pasa aurretik errezetarekin amaituko dugu. Esan duzu pozik zaudetela emaitzarekin, ezta?

Bai, kasu guztietan onak izan dira, oso-oso emaitza onak. Guk egiten dugun test hori, SPPB testa deitzen da eta hiru pausutan egiten da. Hau da, hiru test dira test horren barruan. Lehenengoa oreka test bat da, bigarrenak abiadura neurtzen du eta hirugarrena aulkitik altxatzeko testa litzateke. Asko laburbilduz, puntuazioak igo egin dira kasu gehienetan, %95ak ikasturte hasieran baino emaitza hobeak atera ditu. Baina kasurik okerrenean ere, berdin mantendu dira, ez dute okerrera egin. Orduan emaitzak oso onak dira, arlo fisikoari begira, behintzat.

%95ak ikasturte hasieran baino emaitza hobeak atera ditu. Baina kasurik okerrenean ere, berdin mantendu dira, ez dute okerrera egin”

 

  • Parte hartu dutenen artean, ze perfilak zeuden? Zer behar zituzten?

Gehien bat adinduak. Adindua izatearekin batera etortzen dira osasun arazoak, bizitzaren garapen naturala da. Gehiengoak 60 urtetik gorakoak dira. Arnas aparatuko arazoak dituztenak, arazo kardiobaskularrak dituztenak, obesitate arazoak dituztenak; eskeleto eta muskulu patologiak, hau da, osteoporosia edo fibromialgia, adibidez; baina, gehiengoa, guk deitzen ditugun adindu zaurgarriak izanen lirateke, azken finean ariketa behar dutenak bizimodu funtzional bat egiteko eta ahalik eta bizi kalitate hobea izateko.

 

  • Kirol errezetaz zer edo zer gelditu al zaigu komentatzeko?

Kexa batzuk egon direla aipatu nahi nuen, bi urteko iraupenarengatik. Programa beharrezkoa dute eta ez dute bidezkoa ikusten -eta ni ados nago haiekin-, baina guk ezin ditugu baldintzak aldatu, programa diruz lagunduta dagoelako. Prezio horretan behintzat, beraz, bi urteko iraupena du. Guk mankomunitatean egin dezakeguna jarduera berri bat ateratzea da, prezioa ere diruz lagunduta egonen dena, baina egia da garestiagoa dela. Eta egia da ere denek ezin dutela ordaindu. Pena bat da.

 

60+ jarduerak

 

  • Eta, Kirol Errezeta bukatuko zaien horietan pentsatuz, beste jarduera batzuk atera dituzue.

Beste diru-laguntza bat atera dugu, 60 urtetik gorakoei zuzendua. Programa honetan ez ditugu testak eginen, gehiengoak ez duelako test baten beharrik, kirola egitea da behar dutena. Hori da gure helburua, baina oraindik ikusi behar dugu zer baldintza jartzen dituen Nafarroako Gobernuak. Hau da, baldintzetako bat baldin bada testak egitea, eginen ditugu, baina gure helburu nagusia da Ultzamaldeko 60 urtetik gorako herritarrak eta Kirol Errezetatik atera behar izan diren horiek ordu jakin eta finko batzuk izatea, astean zehar eta bere egunerokoan, gimnasiora joateko eta indar ariketak egiteko.

 

  • Eta bada izenematearen informazioa edo oraindik zehazten ari zarete?

Lehenengo, Nafarroako Gobernuak baldintza zehatzen bat jartzen duen jakin behar dugu. Baina maiatzaren 8an Zahartze Aktiboaren Jardunaldia egin genuen Ultzamako Pilotalekuan eta jende asko joan zen. Lehenengo izen emate bat egiteko aprobetxatu genuen hor. Haien izen-abizenak baditugu eta asko dira: 40. Horiekin harremanetan jarriko gara. Mankomunitate gisa hainbat egoitza jarri nahi ditugu honetarako, bat Odietan, beste bat Larraintzarren, beste bat Anuen, eta monitore edo begirale bat jarriko dugu apuntatzen direnen osasuna hobetze aldera: indarra, abiadura, malgutasuna, oreka lantzeko. Kirol Errezetaren helburu bera du baina ez da Osasun Etxetik pasa behar.

 

Ultzamaldeko Pilota goxua eta frontenis V. txapelketak

 

Izen-emate kopuruan aldaketak izaten dira urtetik urtera baina orokorrean esan daiteke eskualdean egonkortu diren txapelketak direla eta arrakasta handiz: “Giro onean eman dira eta jendea hurbildu da. Azkenean bertako neska-mutil gazteei kirola egiteko eta elkartzeko beste arrazoi bat ematen diezu eta hori da gure helburua”. Pilota goxuko txapelketan 14 bikotek eman zuten izena eta Frontenisen gorakada nabarmena izan zen: “Frontenisean lehenengo urtea izan da txapelketa mixtoa ere egiten dugula eta arrakasta handia izan du. Emakumezkoen kategorian zortzi bikotek eman dute izena eta mixtoan 15 bikotek”. Mixtoaren arrakasta horrekin kontent, hurrengo urtean ere eginen dute. Pilota goxuko txapelketa Auzako frontoian jokatu da eta, frontenisekoa, Olaguen.

 

 

Pilota Goxua:
Txapeldunak: Sarasa anaiak
Azpitxapeldunak: De La Torre - Irurita

Frontenis:


Emakumezkoak:
Txapeldunak: Iriarte – Aizpuru

Azpitxapeldunak: Telletxea – Larretxea


Mixtoa:
Txapeldunak: Erice - Erice

Azpitxapeldunak: Arretxea - Arbilla