Gartzarongo pilota txapelketa Latasan hasiko da, uztailaren 4an

Amezti.eus 2026ko uztailaren 1a

252 bikotek eman dute izena eta urriaren 31ra arte iraungo du 41. edizioak.

Hemen da berriz eskualdeko pilotaren hitzordurik garrantzitsuenetako bat, Gartzarongo Pilota Txapelketa. XLI. edizioa izanen da aurtengoa, eta 252 bikotek eman dute izena. Urtero bezala, Gartzarongo Toki Alai elkarteak antolatu du kirol ekimena, eta hainbat kategoriatan jokatuko dira partidak:

-Umeetan (2014-2015 urteetan jaiotakoak), 36 bikote

-Haurretan (2012-2013 urteetan jaiotakoak), 52 bikote

-Gaztetxoetan (2010-2011 urteetan jaiotakoak), 54 bikote

-Gazteetan (2008-2009 urteetan jaiotakoak), 42 bikote

-Nesketan (2009-2013 urteen artean jaiotakoak), 15 bikote

-Helduetan (2008 baino lehen jaiotakoek), 52 bikote

Uztailaren 4an hasi eta urriaren 31 arte luzatuko da aurtengo txapelketa, eta beti bezala, asteburuetan jokatuko dira partidak. Uztailaren 4an hasiko da, 11:00etan, baina Latasako frontoian. Eta uztailaren 5ean Aizarotzen jokatuko dira partidak, 10:00etatik aurrera. Ondoren, uztailaren 18tik aurrera Gartzaronera itzuliko dira.