Esan Erraneko ikasturte bukaerako besta izanen da ostegunean

Amezti.eus 2026ko ekainaren 15a

Iritsi da ikasturte bukaera, eta horrekin batera, Esan Erran irratiaren denboraldi bukaera. Ekainaren 18an, ostegunarekin, emanen diogu agurra denboraldiari, arratsaldeko 19:00etan Jauntsarasko pasaderetan, erreka ondoan antolatu dugun ekimenarekin. Herritar guztiak gonbidatuak zaudete gurekin arratsaldea pasatzera! 

Arratsaldeko 19:00etan zuzeneko irratsaio berezia eginen dugu jendaurrean, bi kolaboratzaileren saioekin: Adarra jotzen ingurumen tartea eskainiko du Etsaingo Iosu Alfarok, eta Disidentziak musikan tartea, berriz, Oihana Fernandez imoztarrak. Gainera, irratiko kolaboratzaile dugun Kataren Jan Talo foodtruck-a ere pasaderetan izanen da, nahi duenarendako talo goxoak prestatzen, eta Apeztegiberriko edari freskoak ere salgai egonen dira. 

Egun Ero magazinak oporrak hartuko ditu ostegunetik aurrera, beraz, eta irailaren 14an itzuliko da ohiko programazioa Esan Erran irratira. Bitartean, gogoratu https://amezti.eus/irratia/ atalean entzungai dituzuela ikasturte osoko irratsaio, podcast, kolaborazio nahiz elkarrizketak!