Diska berria estreinatuko du Iñaki Larrayoz musikari ultzamarrak

Amezti.eus 2026ko ekainaren 1a

Larra Bideak II du izena eta ekainaren 3an kaleratuko du hainbat plataformetan eta ekainaren 12an aurkeztuko du Laban, Iruñeko Gaztelu Plazan. Eskualdean, ekainaren 25ean eramanen du Larraintzarko Zentro Zibikoko oholtzara.

Bakarrik hasi zen bigarren lan honetan, baina lagunak batzen joan zaizkio bidean. Iñigo Astiz idazle Ultzamarrak jarri dizkio letrak bigarren proiektu honi ere; eta, gainera, musika talde batekin grabatu du eta eramanen du oholtzara. Ibai Gogortza, gitarran eta ekoizpenean (Harat, Joseba Irazoki, Mice); Mattin Arbelaitz, baterian (IZARO, Janus Lester, Harat); eta, Iñigo Telletxea, baxuan (Petti, Anje Duhalde, Joseba B Lenoir).

 

Larrayozen Larra Soinu Tresnak tailerrean grabatu dute eta estudio erdi inprobisatu gisa jantzi dute horretarako. Soinuaren maisu, Iñigo Irazoki izan dute horretarako (Atala estudioa, Bera. Belako, Napoka Iria, Jabier Muguruza). Eta, hau ere, lehenengoa bezala, analogikoan grabatu dute. Nahasketa Irazokiren estudioan eta masterizazioa Chicagon, Matthew J. Barnharten esku utzi dute. 

 

Sei kantek osatzen dute Larra Bideak II eta azaleko margoan bezala eta neguan grabatutako estudio-tailer inprobisatuan bezala: "Soinua ere umela eta iluna" dela batzuetan eta "argi printzek epeldua beste hainbatetan" azaldu dute oharrean. Bandcamp, Youtuben eta bestelako plataforma digitalean izanen da entzungai. Eta Viniloak eta CD-ak ere jarriko dituzte salgai. Informazio gehiago, instagrameko kontuan: @larra_bideak

 

Iñaki Larrayoz Arano Larraintzarko musikaria da eta 2019an atera zuen bere lehenengo bakarkako diska, Larra Bideak. Pop, folk eta rock doinu intimistek osatzen zuten lehenengo lan hori.