Martxoaren 6an, ostiralarekin, arratsaldean abiatuko da Basaburuko Bilgune Feministak antolatutako egitaraua, 17:30ean "Haserre Morea" tailerrarekin. Ondoren, Arraratsen Soinu Bainuak eginen dituzte. Azken honetan izena eman behar da 683 628 810 telefonoan. Ostiralean, gainera, Basaburuko Udaleko Berdintasun Batzordeak urteroko emakumeen afaria antolatu du, 21:00etan, Igoan. Izena martxoaren 1a baino lehen eman behar da 649 04 27 90 edo 629 27 57 26 telefonoei idatziz.
Ondoren, larunbatean, goizetik iluntzera iraunen du egitarauak. Goizean solasaldiekin hasiko dira eta bazkaria ere eginen dute. Honetan ere izena eman behar da telefono berean. Arratsaldean propaganda tailerra.
Martxoaren 8an bertan, igandean, aldarri eguna izanen dute. 10:00etan hamarretakoa hartzeko elkartuko dira Aizarozko Ostatuan eta ondoren Iruñera joanen dira 12:00etan deitutako manifestaziora batzeko.

Bestetik, Ultzamaldeko Berdintasun Zerbitzuak, Ultzamako Udalaren eta Larraintzarko Zentro Zibikoaren laguntzarekin batera, bestetik, martxoa osoan luzatuko den egitaraua prestatu du. Igande honetan, neguko zinema programari amiera emateko, Las niñas pelikula izanen da, 18:30ean Ultzamako Zentro Zibikoan, Larraintzarren. Ondoren, umeendako eta helduendako ipuin kontalariak, azoka, pol dance, herri kirolak, bertso saioak eta hainbat hitzordu ere etorriko dira.

Feminismoari esker... gaur izan, egon, esan eta erabaki dezakegu
Hori da aurtengo adierazpen instituzionalaren lema. "Gaur egun barneratuta ditugun eta gure eguneroko
bizitzaren parte diren eskubide eta askatasun asko mugimendu feministaren borrokei eta historian
zehar emakumeen antolamendu kolektiboari esker lortu dira" dio Nafarroako Toki Entitateek sinatutako deklarazioan. Baina atzerapausoak eman nahi dutenen aurrean horiek defendatzeko adi egoteko deia ere egiten du: "Diskurtso antifeministen edo erredukzionisten bidez feminismoa zalantzan jartzen edo
deslegitimatzen den testuinguru sozial batean, haren eginkizun erabakigarria aldarrikatu behar da".
Lortutakoak asko dira adierazpenaren arabera: "Borroka horiei esker, emakumeek boto eskubidea eta parte-hartze politikorako eskubidea lortu zuten; berdintasunean hezteko eskubidea; lan ordaindua, norberaren dirua kudeatzeko eskubidea eta autonomia ekonomikoa; mugitzeko askatasuna; dibortzioa; eta norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea, sexu eta ugalketa eskubideak barne". Baina aurrera begira ere hainbat konpromiso hartzen dituzte: sentsibilizazioa bultzatzea, tokiko politikoetan genero ikuspegia txertatzea, hezkuntza indartzea eta Mugimendu Feministaren eta elkartegintzaren lana aitortzea eta babestea. Adierazpena, osorik, beheko PDF-an.