Berdintasun eta euskara zerbitzuek Emakume* izateko 60 modu euskarazko liburuen gida kaleratu du

Amezti.eus 2026ko otsailaren 20a

Martxoaren 8an Emakumearen Eguna dela eta, Sakanako, Baztango, Bortziriteako, Malerrekako, Larraun aldeko, Leitza aldeko eta Ultzama aldeko berdintasun eta euskara zerbitzuek Emakume* izateko 60 modu izeneko irakurketa-gida kaleratu dute.

Bertan emakumeak protagonista diren liburuak agertzen dira, guztiak euskaraz. Gidan liburu berriak zein klasikoak daude, eta adinaren arabera daude sailkatuta. Generoari dagokonez, era guztietako liburuak daude. Gidaren irudiak Anne Baskaranenak dira. 

Xedea da berdintasunari lotutako balorak zabaltzea euskarazko kalitatezko liburuen bidez. Hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Horretaz gain, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du. Horiek horrela, genero berdintasunera eramango gaituen bidean, proposatutako zerrenda lagungarri izatea nahi dute. 

2.000 gida banatu dira doan aipatutako eremuetako toki publikoetan, baita Ultzamaldean ere: ikastetxeetan, liburutegietan, kultur etxeetan, liburu dendetan. Gainera, PDF-an aurkituko duzue albiste honetan, behean. 

Zainketak Ultzamaldean dokumental laburra

Otsailaren 26an, ostegunarekin, aurkeztuko da, 18:00etan, Larraintzarko Zentro Zibikoan. 13 minutuko laburmetraiak Ultzamaldean zaintza lanean ari diren langileek eta haien zerbitzua jasotzen duten herritarrek osatzen dute. 2025eko Zainketen Aldeko Itunaren baitan sortutako lana da eta helburua, zaintza lanen garrantzia eta langileen lana aitortzea da, are gehiago landa eremuko lurraldeetan non herritarren bataz besteko adina geroz eta altuagoa da. 

Ostegunean Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak eginen du aurkezpena eta ondoren otordua ere izanen da-Larraintzarko ekitaldia lehenengo aurkezpena izanen da baina datozen hilabeteetan gainontzeko bailaretara eramanen da dokumentala.