zozketa mundiala

Zozketa Mundialak 135 sari banatu ditu

Amezti.eus 2026ko urtarrilaren 5a

Zozketa mundiala atzo arratsaldean ospatu zen Esan Erran irratiko estudioetan. 135 sari banatu genituen guztira, tartean, hain bereziak diren hamar zerri gizenak. Ametza Kultur Elkarteko kideak sarituen izen-abizenen zerrenda osatzen ari dira, baina momentuz, zenbaki saridunen zerrenda hemen kontsultatu dezakezue. 

Pulunpe aldizkaria, Esan Erran irratia eta agerkari digital hau bera, amezti.eus, diruz laguntzeko egiten da Zozketa Mundiala. Eskualdean euskara bultzatzeko, alegia. Eta herritarren babesa izugarria izan da aurten ere. Boletoak erosteaz gain, zozketaren prestaketetan laguntzen aritzen dira hainbat; eta beste asko, takoak saltzen. 

Gainera, zonaldeko ostatuek, dendek, artisauek eta enpresek sariak ematen laguntzen dute. Aurten inoiz baino sari gehiago banatu dira, 135. Erosketa bonoak, bainu etxeko egonaldiak, bazkari bonoak, Erle museoko sarrerak, esku-lanak, esneki sortak, asteburuetako bidaiak eta egonaldiak landa etxeetan, masajeak, gaztak (osotara 25) eta 30 saskitto, besteak beste. 

Sari preziatuenak, baina, banatzen diren hamar axuri eta, batez ere, hamar zerriak dira. Azken hauetako asko eskualdetik kanpo joan dira aurten: Donostiara, Nabaskotzera, Iruñera, Barañain eta Irurtzunera. Eta, zozketak utzi dizkigun pasadizoen artean, zerrietako bi etxe berera joan dira, Erripara, Odietan, aita-alabak bana jaso baitute.

Beheko PDF-an zenbaki saridun guztiak aurkituko dituzue. Zorionak saria irabazi duzuen guztioi!