Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eskualdean

Amezti.eus 2025eko abenduaren 23a

Bihar iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta eskualdean ongietorri goxoa prestatu diote herritarrek hainbat tokitan. Udalerri desberdinetan antolatu dutena errepasatuko dugu artikulu honetan. 

Basaburuan, urtero bezala Jauntsaratsen eginen diete harrera Olentzero eta Mari Domingiri, arratsaldeko 18:30ean. Txokolatero atzeko basoan izanen da ekitaldia, baina euria eginen balu eskolara aldatuko lukete. 

Imotzen, berriz, abenduaren 24tik haragoko egitarau zabala prestatu dute eguberrien bueltan. Olentzero eta Mari Domingiri harrera Erason eginen diote, arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, abenduaren 27an, Andrina Basandina txontxongilo ikuskizuna izanen da 17:00etan Etxalekuko Biltokin. Abenduaren 31n, ur berria ospatzera aterako dira gaueko 00:00etan Zarrantzen, Etxalekun eta Erason. Urtarrilaren 1ean Harriaundi mendira irteera eginen dute, goizeko 9:30ean Muskiztik aterata. Urtarrilaren 2an, berriz, Mugarantz dokumentalaren proiekzioa izanen da Zaparen etxolan, 18:00etan. Eta, bukatzeko, urtarrilaren 5ean puskabiltzea eginen dute Etxalekun etxez etxe, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 

Atetzen, Eritzen eginen diote ongietorria Olentzero eta Mari Domingiri. Arratsaldeko 18:00etan piztuko dute sua Eritzeko Kultur Eskolan, eta segidan, 18:15ean iritsiko dira jentilak. 19:00etan merendua eginen dute hor bertan.