Dermatosi Nodular Kutsakorraren kontra behiak txertatzen hasi dira Nafarroan

Amezti.eus 2026ko urtarrilaren 7a

Luis MariƱelarena lanean, behi bati azazkalak mozten

Frantzian hainbat foku berri agertu ziren, horietako bat Nafarroatik 80 kilometrora. Horregatik, Foru Gobernuak Nafarroan zenbatuta dauden 120.000 behiak txertatzeko baimena eta txertoak eskatu zituen. Baina, azkenean, Nafarroa Garaiko iparraldean bakarrik txertatzeko baimena eman du Europak. Gaur hasi da txertaketa kanpainia

Gutxi gorabehera Nafarroan dauden behi guztien erdia txertatuko da, horrela, Nafarroa Garaiko iparraldekoak bakarrik, nahiz eta gobernuak erkidego osoan txertatu nahi zituen. Kanpainia gaur hasi da eta Luis Mariñelarena albaiteroak baieztatu digunez, Bortzirietakoak txertaturik daude honezkero eta Malerrekan ari dira. Otsailaren 28ra arte dute txertatzeko epea. Osotara, 60.000 buru babestuko dira, Nafarroan zenbatzen direnen erdia, eta iparraldeko mugatik Lizarra aldeko hainbat herritaraino daudenak izanen dira, Ultzamaldea osoa barne. Informazio hori guztia agindu zieten abenduaren 23an Nafarroako Gobernuarekin izan zuten bileran. Txertoak Espainiako Ministerioak ordainduko ditu baina txertaketa Nafarroako Gobernuak ordaindu beharko du: 240.000 euro.

Txertoa jarri eta hilabete pasa ondoren, kasuren bat agertuz gero, kutsatutako behia bakarrik hil beharko litzateke, eta, ez, orain bezala, kasu bakar batekin ere ikuiluan dauden behi guztiak. Horregatik, honera zabalduko den beldur, Nafarroako Gobernuak erkidegoko 120.000 behiak txertatzea eskatu zion Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari. Honek, aldi berean Bruselari, Europako Batzordeari, eskatu behar zion baimena. Azkenean, esan bezala, eta Mariñelarenak zuen susmoa baieztatuz, eskatutakoaren erdia txertatzeko baimena eman dute.

Dermatitis Nodular Kutsakorra Europan agertzen den lehenengo aldia izan da, 1929an ezagutu zenetik, Afrikan. Pertsonendako ez du arriskurik eragiten, baina oso kutsakorra da animalien artean eta, horregatik, ustiategi batean kasu bakar bat agertzen bada, Administrazioak behi guztiak hiltzera behartzen du abeltzaina. Azalean pikor moduko batzuk eta sukarra eragiten die, besteak beste. Udan Italian zabaldu eta hortik Frantziara pasatu zen, Alpeen beste aldera. Ondoren, urrian, Katalunian ere kasuak agertzen hasi ziren.

Kataluniatik ez da Estatuko beste inora zabaldu eta Nafarroan, beraz, ez da kasurik agertu, baina joan zen astean mugatik gertu izan ditugu kasuak. Tarbes (Tarbe edo Aturbe) herrian agertu zen fokuetako bat, Frantziar estatuan, Nafarroatik 80 kilometrora. Luis Mariñelarenaren, Lanzko abere albaitariaren, lankide ohi baten bezeroarena zen ikuilua: "Lankide oihak esan didanez, 60 behi ziren osorik, ikuiluan; hiru taldetan banaturik zeuden, eta, beraz, talde horietako bat, 20 behi, hil behar izan zituen, gaixoa agertu zen taldeko guztiak. Hori harritu ninduen, edo gaixoa bakarrik, edo guzti guztiak hiltzea izaten baita ohikoa".