Jone Gabari, Mintzakide programa

"Maiz luzatzen dira Mintzakide saioak jendea gustura dagoelako"

Amezti.eus 2025eko abenduaren 16a

Eremu informaletan euskaraz aritzeko taldeak dira Mintzakide taldeak, eta gaurko irratsaioan eskualdeko proiektuko arduraduna den Jone Gabari elkarrizketatu dugu. Hiru talde ditugu gurean, momentuz: Jauntsaratsen, Iraizotzen eta Larraintzarren. 

Dena den, Gabarik nabarmendu du talde berriak sortzeko aukera dagoela, jendeari ongi datorkion tokian eta orduan, eta Mintzakide taldeak online egiteko aukera ere badagoela. 

Interesa dutenek praktikatu.eus webgunean sartu eta bertan eman behar dute izena, edo Ultzama-Larraungo AEK euskaltegira deitzea da beste aukera, 607 622 102 da telefono zenbakia. 

Bestelako ekintzak eta hitano taldea

Doakoa da Mintzakide proiektuan parte hartzea, eta kideek abantaila batzuk ere eskura ditzakete: emanaldietarako txartelak, zozketak, deskontuak... eta, horrez gain, Euskal Herri mailako nahiz bailaran bertan antolatzen diren ekintza berezietan ere parte hartu dezakete. Adibidez, Basaburuko eskolan saio bat egin zuten duela gutxi Mintzakideek eskolako ikasleekin, argazki lehiaketa antolatu berri dute, eta asteazken honetan Etulaingo elkartean talo-jatea ere eginen dute. 

Bukatzeko, hitanoz hitz egiteko Mintzakide talde bat ere sortu nahi dute eskualdean, baina momentuz, taldea sortzeko jende bila ari dira.