Kadeteen mailan duela bi urte irabazi zuen lau t'erdikoa; eta, orain, Guillermo Mazo gazteen lau t'erdikoan ere gailendu da. Horrela, Nafarroako Kirol Institutuak baieztatu duenez, lehenengo pilotaria da bi mailatan txapela irabazi duena. Pablo Aldaz Auzakoa da eta etxeko pilota taldean aritzen da, Aitor Paternainek entrenatzen duen Buruzgain Ultzamako pilota taldean. 10 eta 18 gailendu da Julen Baleztena leitzarraren kontra, Lekunberriko Jaian Jai frontoian.
Leitzarra sorpresa izan zen finalean, faboritoa zen Igor Nazabali irabazita lortu baitzuen txartela. Baina Aldaz indartsu atera zen eta hasieratik zortzi tanto egin zituen jarraian. Ondoren, Leitzarrak aukera izan zuen tanto batzuk egiteko eta 5 eta 10ean jarri zen markadorea. Baina, orduan, Baleztenak sakean huts egin ondoren, ultzamarrak gogor jarraitu zuen berriz, garaipena lortu arte.
Joan zen urtea izan zen Pablo Aldazen lehenengoa gazteetan eta, orduan, finalaurrekoetan gelditu zen, tanto bakar batengatik 18 eta 17 galduz, Julen Rekalde orduko faboritoaren kontra. Orain, arantza kentzea lortu du eta Ultzamara ekarri du txapela, bikoitz historiko bat eginez gainera.