Makroetxaldeen kontrako plataforma

Gotzone Sestorain: "Neurri zuzentzaileek ez dute arazoa konponduko. Nafarroan, lur emankorrak galtzen eta ura kutsatzen ari dira"

Amezti.eus 2025eko azaroaren 7a

Valle de Odieta enpresak Caparroson duen makroetxaldeko bi zuzendari zigortu ditu Iruñeko auzitegiak, ingurumenari kalte egin eta legez kanpo digestatoa naturara isurtzeagatik. Makroetxaldeen kontrako plataformako eta Habelarte Mendialdeko baserritarren elkarteko kidea den Gotzone Sestoraini epaiaz galdetu diogu. Epaitegiek arrazoia eman dietela dio, behin eta berriz salatu dutena egiaztatu; baina, ez duela arazoa konponduko, hau ez baita Valle de Odieta enpresara mugatzen. Eredu industriala eta intentsiboa seinalatu du.

Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegiak 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri berri die makroetxaldeko Odietako bi zuzendariri, baita abeltzaintzan aritzeko bi urteko inhabilitazioa ezarri ere. Halaber, 4.200 euroko isuna ezarri zaie enpresaren abeltzaintza arloko bi goi kargu horiei. Epaitegiak egiaztatu du jakinaren gainean zeudela digestatoa barreiatu zutenean, eta teknikariek frogatu zuten isuria Aragoi eta Arga ibaira heldu zela.

Greenpeace eta Sustrai Erakuntza erakunde ekologistek jarri zuten salaketa eta akusazio partikularra izan dira epaiketan. Bi taldeak Nafarroako Makroetxaldeen kontrako plataformaren kide dira, beste eragile eta herritarrekin batera. Plataformako kidea den Gotzone Sestorainekin hitz egin dugu epaiari buruz. 

  • Nola hartu duzue epaia?

Behin eta berriz salatzen ari gara zer ondorioak dakartzaten horrelako makrogranjek eta nik uste dut epaitegiek arrazoia eman digutela. Ez naiz sartuko baloratzen ezarritako zigorra nahikoa den edo ez.

 

Askoz ere garestiagoa ateratzen da ingurumena, lurraldea eta lurra defendatzea, kutsatzea baino

 

Bere garaian Greenpeaceri ezarri zioten isunarekin alderatzen badugu, iruditzen zaigu askoz ere garestiagoa ateratzen dela ingurumena, lurraldea eta lurra defendatzea, kutsatzea baino. Baina epaituak izan dira eta zigor bat jaso dute, eta demostratu da, oso garbi, hor delitu bat egin zela. Eta konfirmatzen du plataforman gauden eragile desberdinak behin eta berriz salatzen ari garena: makrogranja erraldoi honek nolako ondorioak dakartzan gure lurraldean.

 

Hau argituta esan behar dut, hala ere, arazoa ez dela mugatzen Valle de Odietara. Arazoa erabat hedatuta dugu Nafarroan, baita zonaldean ere. Oso urrutira joan gabe, hor, Oskotzen, badago behitegi erraldoi bat. Behitegi erraldoi horrek, behitegi handi guztiek bezala, berarekin dakar txisaren arazoa. Baita zerritegi handi guztiek bezala ere, handia den guztiak, alegia. Zer egiten da? Inguruan dauden lurretan botatzen da, behin eta berriz. Eta horrek lur horien hondatzea dakartza -lur horiek erabat hondatuta daude- baina baita ur gaineko zein azpiko uren kutsatzea ere. Eta hori oso larria da. Nafarroan lur emankorrak galtzen ari dira. Baina baita bizitzarako beharra den baliabide bat ere: ura. Nafarroak ur pila bat du, baina gertatzen ari dena da gero eta kutsatuagoa dagoela.

 

  • Horrelako epai batekin zerbait aldatuko da? Horrelako makroetxaldeek bi aldiz pentsatuko al dute nola kudeatu haien hondakinak?

Oso zaila dute. Zergatik? Dimentsioagatik. Dimentsio handi horiekin neurri zuzentzaileak besterik ezin dira egon, baina hartzen diren neurri zuzentzaile horiek ez dute arazoa konponduko, hor dagoelako alde ekonomikoa ere.

Arazoa ez da mugatzen Valle de Odietara. Erabat hedatuta dugu Nafarroan, baita zonaldean ere, Oskotzen

Orain albiste izan da azkenaldi honetan sortzen ari diren biometanizazio plantak, baina energia sortzeko planta horietatik ateratzen den digestatoa ere kutsakorra da, nitratoak dauzka. Hori modu egoki batean egiteko lur azalera handiak hartuz egin beharko litzateke. Baina horrek kostu bat du eta, azkenean, inguruan dauden lurrak dira behin eta berriz ureztatzen direnak. Digestatoa Erriberako erregadioetan erabiltzen ari da, baina behin eta berriz erabiltzearekin nitrato bidezko kutsadura zabaltzen ari da. Aurtengo udaberrian Nafarroako Gobernuko txosten bat atera zen non esaten zen Nafarroan nitratoz kutsatutako lur azalera 93.000 hektariatik ia 250.000 hektareara pasatu dela. Hori ikaragarria da. Baina hori ez da eten behar bide honetatik segituz gero. Arazoa gero eta handiagoa izanen da. Biometanizazio plantek energia sortzeko balioko dute baina nitratoen arazoa ez dute konpontzen.

 

 

 

Soluzio bakarra desintentsifikazioa da: etxaldeak txikitzen hasi, makrogranja eredu horiek desagertzeko bidean jarri

 

Soluzio bakarra desintentsifikazioa da: etxaldeak txikitzen hasi, makrogranja eredu horiek desagertzeko bidean jarri beharko lirateke, eta ez da egiten ari, Nafarroako Gobernuak jarraitzen du makrogranjei baimenak eta lizentziak ematen. 500 behitik gora makrogranja bat da, nahi den bezala apaindu daiteke baina hori makrogranja bat da. 300etik gora ere oso-oso zaila bihurtzen da hondakinen kudeaketa. Eta zerriekin zer esanik ez. Eta Nafarroan nonahi ditugu 7.000 zerriko granjak. Horiek sortzen duten minda eta hondakin kopuruak ikaragarriak dira eta manejatzea ezinezkoa da. Nahi dutena esanen dute baina gezurra besterik ez da. Dena da itxurakeria eta gezurra.

 

  • Nafarroako Gobernua aipatu duzu. Administrazioak ez al du kontrolatzen legea betetzen den?

 

Ematen du Ingurumen Departamentua ez dela gure lurra eta gure lurraldea babesten ari. Herritarren eta ingurumenaren zaintzailea izan beharrean, horrelako eredu baten konplize da. Salaketak behin eta berriz jasotzen ari dira, herri anitzetatik, hemen benetan mugitzen ari dena ez delako Departamentua baizik eta herritarrak, eta gobernutik ez dute ezer egiten. Esate baterako, Nafarroako Gobernuko ordezkariak gonbidatuak izan ziren epaiketan, Ingurumen Departamentu bezala pertsonatzeko, eta ez dira azaldu. Hori guztiz adierazgarria da. Eta ez bakarrik hori. Valle de Odietak anpliazio bat eskatu zuen, aspalditik gehiengoa gainditu duela ere. Izan ere estatu mailako topea 850 AUtan ezarri da eta beraiek ia 8.000 buru dituzte*. Bada, zirrikitu bat aprobetxatu zuten, zirrikitu legal bat. Hor, legedi berriaren eta aurrekoaren artean zirrikitu bat zegoelako. Guk galdetzen dugu, nork kontatu die? Zer txibato izan da zirrikitu bat zutela esan diena?

 

Ematen du Ingurumen Departamentua ez dela gure lurra eta gure lurraldea babesten ari. Herritarren eta ingurumenaren zaintzailea izan beharrean, horrelako eredu baten konplize da

 

Orduan, guk arazoa Gobernuan bertan ikusten dugu, departamentuetan. Bai Ingurumen Departamentuan baina baita Landa Garapeneko Departamentuan ere, beraiek direlako eredu hau behin eta berriz baimentzen eta sustatzen ari direnak. Duela 30 eta 40 urte UPNk bide bat ireki zuen zentzu honetan, baina 'aldaketaren' gobernuak gauza bera egiten jarraitzen du. Ez du aldaketa minimorik egin. Zirkuitu laburren eta beste eredu baten aldeko gauzak egin ditu, baina guk esaten duguna da bi eredu hauek ez direla bateragarriak. Hemen, Nafarroan, zoritxarrez, desagertzen ari dena eta gero eta egoera okerragoan dagoena baserri txikia da, hori desagertzen ari da; eta sekulako indarra hartuta dauka eredu industrialak. Zergatik den hori galdetzen dut.

 

* Espainiako RD 1053/2022 dekretuak 850 AU baino gehiago dituzten ustiategien handitzeak debekatu egiten du. (AU= Abeltzaintzako Unitate; gazteleraz UGM= Unidad de Ganado Mayor).

 

 

Biometanizazio plantak

 

Urriaren 30ean, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lege proposamen bat aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan, biometanizazio planten tramitazioak bi urtez gelditzeko. Ordea, azkenean, PSNk eta UPNk adostutako zuzenketa bat atera zen aurrera, eta soilik urtebeteko luzamendua onartu zuten. Gainera, tramitean direnek aurrera jarraituko dute.