Ordubeteko saioan, bertako albisteak, elkarrizketa eta kolaborazioa izanen ditugu aurten ere, beste sail batzuen artean. 10:00etatik 11:00ak bitartean, 107.9an FM-an edo https://amezti.eus/irratia/zuzenekoa estekan.
Astelehenetik ostegunera, zuzeneko saioan, efemeridea eta albistegiaren ondoren, elkarrizketa izanen dugu. Gure eskualdean gertatzen denari adi, aktualitateari edo agendari lotutako gaiak izanen ditugu eguneko elkarrizketan. Ondoren, kolaborazioaren txanda etorriko da. Hogeina herritar ditugu lagun gai ezberdinei buruz hitz eginen digutenak: Musika, bertsolaritza, ingurumena, eskupilota, herri-kirolak, internazionalismoa, besteak beste.
Bailara bakoitzean, aurten ere, aliatu bat ere badugu, eta bertako berriak jasoko ditugu haiei esker. Hori, astelehenetik ostegunera, esan dugun bezala. Baina ostiralak bereziak dira Esan Erranen, dakizuen bezala. Ikasturte honetan ere, Memoriaren Txokoa eta Egun Ero Kantuz izanen ditugu, txandaka, ostiraletan, 10:00etatik aurrera. Argiako egutegiko efemeride bat hartu eta sakonean lantzen dugu Memoriaren Txokoan. Egun Ero Kantuzen, herritar bat gonbidatu etortzen zaigu eta hark proposatutako hamar kantaz osatutako zerrenda entzuten dugu bere azalpenekin batera.
Hori guztia irailaren 22tik aurrera, astelehenetik!