60 pertsonek bazkaldu zuten, bentan sartu ahal ziren guztiak. Zazpi herritarrek prestatu eta zerbitzatu zuten bazkaria. Baina ehunka pertsonek egin zuten Palestinaren aldeko ibilaldia Berriosusotik Larraintzarrera. 9:00etan atera ziren Mintxo txistularien doinuek lagunduta eta seigarren etapa honetan 17 kilometroko egin zituzten Larraintzarreraino.
Martxa Berriosusotik abiatzen
Bidean, Ataburun, ateztarrak zituzten esperoan, Atezko Udalak lagunduta bertako herritarrek arduratu baitziren horniduraz.
11:00ak aldera iritsi zen martxan parte hartzen ari zen jendetza Ataburura.
Jan eta ura edan eta martxarekin jarraitu zuten.
Eta hurrengo geldialdia Gelbentzun izan zen, han odietarrak arduratu ziren parte hartzaileei hornidura eskaintzeaz.
14:00etan harrera egin zitzaion martxari, eskola eta Osasun Etxearen artean dagoen belardian, aurresku batekin. Udalak ere harrera egin zion. Eta ondoren, aipatutako bazkari jendetsua. Benta tokirik gabe gelditu zen 60 pertsonek erosi baitzitzuten txartela guztiak.
Larraintzarko guraso elkarteak apaindu zuen eskola harrerarako
Arratsaldean, Leontzio akordeolariak alaituta kantuz ere aritu ziren bazkalondoan. Aizarozko Iker clownak ere antzezalana eskaini zuen eta Mexikortxoren kontzertuarekin amaitu zen eguna.
Lo egiten 18 pertsona gelditu ziren Larraintzarko frontoian, udalak aukera eskaini baitzuen.
Gaur goizean, berriz abiatu da martxa, Eltzaburutik. Doneztebera eginen du bidea, menditik. Horregatik, Mendi Federazioak autobusak jarri ditu Iruñetik Eltzaburura.
Ibaitik itsasora Palestinaren aldeko martxak osotara hamaika etapa ditu eta gaur zazpigarrena burututa, azkeneko lauak gelditzen zaizkio. Irailaren 10ean hasi zen Tuteran eta 20an Hendaian bukatuko da. Jendetza batu da etapa guztietan.
Ekimenetik azaldu zutenez, "Ebro ibaitik Tuteran Hendaiarainoko ibilaldia Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasunaren adierazgarri da. Eta bere herriak Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsaoraino askatasunez, berdintasunez eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia aldarrikatzen du". Ekimenak bi helburu ditu. Alde batetik, EHko lurralde osoko herrietan kausa palestinarrari laguntzeko sare handia ikusaraztea eta aktibatzea; bigarren helburua, okupazioarekin eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten EHko enpresak eta erakundeak salatzea eta ikusaraztea.